Gorabeherek ezaugarritzen dute Antzuolako biztanleriaren bilakaera azken hogei urtean. Datuei erreparatuz gero, ez dago joera jakin bat, baina jasotakoaren arabera, beherantz egiten ari da herritarren kopurua.
2001etik 2015era bitartean, goranzko joera izan zuen herritarren kopuruak Antzuolan, baina hortik aurrera, beheranzkoa da. Are gehiago, jaiotza tasekin ere gauza bera gertatu da, baina 2014tik 2019ra bitartean, izurriteko lehen urteen ostean, gorantz egiten hasi baita.
2019an bederatzi haur jaio ziren herrian, 2020an hamar izan ziren eta 2021ean, hamabi. Beraz, badirudi gorantz egiten hasia dela berriro ere tasa hau, buelta emanez beherakadari. Dena den, datuek ez dute, esate baterako, 2010ekoen parekorik. Ordu hartan, 41 haur jaio baitziren herrian.
Heriotzei dagokienez, ez dago joera zehatzik. Alabaina, 2016tik 2021era, jaiotzak baino gehiago izan dira, eta beraz, izan dezake lotura populazioaren beheranzko bilakaerarekin.
Hogei urte hauetako datuak kontuan hartuta, eta euren artean alderatuz gero, ondorioztatu daiteke egun biztanleria zaharkituagoa dela, 60 urtetik gorako pertsonak 2001ean baino gehiago baitira. Halere, ez da gauza bera gertatzen 20-59 urte artekoekin.
20 urtez azpiko biztanleriaren datuei erreparatuta, berriz, hazi egin da. 2001ean, biztanleriaren %16,29 osatzen zuten, eta iaz, %20,92. Beraz, gorakoa lau puntu baino gehiagokoa izan da.
Migrazio mugimenduei dagokienez, oro har, emigrazioa baino, immigrazioa izan da nagusi hogei urteko epean. Bat edo beste izan, ordea, mugimendu gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dira.
Hain justu, 2006an erregistratu zen mugimendu horien gehiengoa; datuen arabera, 83 pertsonak immigratu zuten beste leku batera eta 103k emigratu zuten Antzuolara.