Olaranen egindako ekitaldian, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak aurkezpen ederra eskaini zuen, eta Euskaraldiaren ariketa soziala hasi zenetik gaur arte eman diren pausoak zeintzuk izan diren adierazi zituen, besteak beste.
Herri batzorde indartsua lortzeko bidean
Saioan Euskaraldiaren gaineko galderak, ekarpenak, lekukotzak, edo erronkak izan zituzten hizpide, lehenbizi. Euskaraldiaren hirugarren edizioak dituen helburuak ere adierazi zituen Amonarrizek, eta Antzuola herriak dituen euskararen erabilera datuak ere elkarbanatu zituen bertaratutakoekin.
"Antzuolan aretoa jendez bete da, eta hori da lehenengo helburua: herri batzorde indartsuak lortzea; eta, hemen ikusi da ilusioa horretarako. Edizio honetan, masibotasunarekin jarraitu nahi dugu, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Ariketa sakondu nahi dugu, eta, lorpenak eta erronkak plazaratu. Kaleak hartzea ere nahi dugu aurten: txapa asko ikustea, banderolak ikustea, muralak eta kartelak ikustea… Euskaraldiak blaitzea gure ingurune guztia, euskararen erabileran urratsak emateko, eta hala erabilera areagotuko duen olatu handi bat sortzeko".
Batzordea eratzeko hitzordua
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da ariketa soziala, eta, Antzuolako herritarrak batzordean parte hartzera animatzea helburuarekin lehenengo urratsa emanda, batzordea eratzeko bilera deialdia egin zuten. Datorren eguenean, urriaren 6an izango da, 18:30etan, liburutegian. "Motorrak berotzen hasteko saioa izan dugu, eta, datorren astean urrats bat gehiago emango dugu. Aurreko ediziotik taldea eratuta dago, eta, pertsona horiekin kontatu daiteke. Hala ere, helburua da jende berria animatzea aurten, eta, batez ere gazteengan eragitea", adierazi zuen Ane Leturiak, Antzuolako Euskaraldiko batzordeko arduraduna.