Urriaren 8rako, zapatua, egun osorako jai-egitaraua antolatu du Arrola Mendizale Elkarteak. Aste barruan, ordea, Arrola Eguneko festa girotzen hasiko direla kontatu du Oier Peñagarikano Arrolako kideak: "Aste horretako martitzenean hasiko gara ekintzekin. Hala, mendian segurtasuna eta lehen sorospena lantzeko ikastaroa egingo dugu. Mendi gidari batzuek emango dute ikastaroa". Hala, urriaren 8an, 08:30ean, mendi irteera egingo dute Arrolara. Salda eta txorizoa banatuko dizkiete Lizargaraten.
13:00etan, berriz, bertso poteoa egingo dute herrian zehar, eta 14:30ean herri bazkaria eskolako patioan. Arrolak ondorengo egunetan sarrerak salgai jarriko ditu, 20 euroren truke, Kalebarrenen jarriko duen postuan. "Bazkalostean, jolasak eta ekitaldi txiki bat egingo ditugu, eta arratsaldea bertsolariek girotuko dute. 21:30ean, aldiz, Musu-truk taldearekin erromeria izango da Kalebarrenen".
Arrola Egunaren helburuetako bat orain artean lanean jardun dutenei aitortza egitea da; baita belaunaldi gazteei bidea zabaltzea ere. "Arrolak historikoki izan du askotariko adin tarteetako herritarrak batzeko gaitasuna. Hala, badaukagu urriaren 8an hori ikustarazteko nahia ere, eta, modu horretan, lehen, orain eta etorriko direnak batzeko gogoa dugu; mendian ibiltzen diren oro elkartuta, alegia".
50. urteurreneko balorazioa
Urtarrilean abiatu zuen 50. urteurreneko ospakizuna Arrolak. "Urte oso polita izaten ari da; herritarrek parte hartu dute antolatutako ekintzetan eta kamisetak agortu diren artean erostera ere animatu dira. Balorazio positiboa egiten dugu, noski. 2024ko urtarrilera arte urteurrenarekin lotuta etorriko dira negu sasoirako lotzen gabiltzan ekintza gehiago ere".
Pirinioetara irteera
Gaurtik domekara bitartean, Arrolako kideek Garmo Negro eta Ibones Azulesera irteera egingo dute. "Asmoa da zapatuan Garmo Negro igotzea eta domekan Ibones Azules". Asteburu osoko irteera aprobetxatuta, Arrolaren kamiseta jantzita udako argazki lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak Sara Arietaleaniz Arrolako presidenteak: "Harrera ona izaten ari da lehiaketa; bereziki, Instagram bidezko bidea erabili dute. Hilaren 20ra arte parte har dezakete herritarrek eta asteburuko irteera ere aprobetxatu dezakete".