Trekutzeko parke eolikoaren proposamenari ezezkoa eman diote EH Bilduk eta EAJk

Maider Arregi 2022ko eka. 1a, 15:34

Cilda Energy enpresak egindako Trekutzeko parke eolikoaren proposamenari ezezkoa eman diote EH Bilduk eta EAJk. Izan ere, energia berriztagarrien aldeko apustua egin arren, jasangarriak diren proiektuak hobetsiko dituztela diote udal ordezkariek.

EH Bilduk eta EAJk, aho batez onartu dute Trekutzeko parke eolikoaren aurka egiteko proposamena ohiko osoko bilkuran –PSE-EEko ordezkaria ez da izan osoko bilkuran–. Proposamenaren baitan, Urretxuko Udalarekin elkarlanean aritzea ere jasotzen da, zeren parke eolikoak bi herriei eragiten die.

Iazko azaroan kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Trekutz parke eolikoa gauzatzeko hasierako administrazio-baimenaren eskaera Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian. Eskaera horren arabera, Cilda Energy enpresak, Trekutz parke eolikoan 12 MW-ko potentzia gordina duten hiru aerosorgailu instalatzeko eskaera egin zuen: bi Antzuolako lurretan, eta beste bat Urretxuko lurretan jartzea, alegia. Txostenaren arabera, aerosorgailuek 115 metroko altuera, 22 metroko diametroa eta 4 metroko sakonera izango lukete.

Hala, bi alderdiek garbi azaldu dute, energia berriztagarrien aldeko apustua egin arren, jasangarriak diren proiektuak hobetsiko dituztela. "Planteatzen dena oso bortitza dela uste dugu; eolikoak beharrezkoak direla deritzogu baina edozein modutan ez ", dio EAJko bozeramaile Basilio Ormazabalek. Ildo beretik, Irimogaina babestutako gunea dela gogorarazi du Beñardo Kortabarria alkateak: "Natura 2.000 sarean dago Irimogain, eta babestutako eremua da; herritarrendako gune garrantzitsua da, gainera". Era berean alkateak dio, bat-bateko testuinguruan etorri dela proiektuaren jakinarazpena. 2018an, Jaurlaritzak energia berriztagarrien garapenerako plan sektoriala egitea adostu zuten arren, "gaur-gaurkoz plan horren aurrerapena soilik" dutela nabarmendu du, eta ondorioz, "plana zehaztu gabe eta herritarrekin adostu gabe" dagoela. Modu horretan etorri dela parke eolikoen proposamena, alegia. Gaineratu du, Antzuolan jada energia komunitatearen inguruko lanketa egiten badihardutela: "Plaka fotovoltaikoak Udal eraikinetan jarri ditugu, energia komunitarioa latzen dihardugu eta baita ere urarekin zer egin dezakegun".

Orain, Antzuolako Udalak Eusko Jaurlaritzari helarazi behar dio parke eolikoak sor ditzakeen ingurumen-inpaktuaren hedaduraren gaineko azterketa txostena. Azterketa hori, osoko bilkuran onartu bezala, Urretxuko udalarekin batera elkarlanean egingo du Antzuolak eta kostua ere bien artean ordainduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak