Eibartik, Zumarragatik edota Leioatik etorritako jokalariak izan dira Jolaseneak antolatutako hirugarren Carcassonne txapelketan.
Bi mahaitan lehiatu dira eta horietako bakoitzean aldi berean bi partida jokatu dituzte, bat baten kontra. Partida bukatu bitarteko lehiak izan dira edo 35 minutukoak gehienez, eta puntuazioak jaso ahala, bata bestearen kontra jokatu dute. Finalera iritsi dira Ibai Beristain eta Miquel Jornet eta azken hori izan da irabazlea. Jatorri kataluniarra du, egun Antzuolan bizi da eta 2019ko txapelketan estatu mailan bigarren gelditzea lortu zuen.
Jornetek Madrilen jokatuko den txapelketarako txartela jaso du eta baita mahai-joko bat ere.
Elkarteko Sergio Morak adierazi du parte-hartzaile batzuk Madrilgo txartel horren bila joaten direla halako txapelketetara, eta ondorioz, "oso serio" hartzen dituztela txapelketak. Eta gaineratu du beste batzuk "ondo pasatzeko" helburuarekin joaten direla halakoetara.