Beldurrei eta erronkei aurre eginda, gorantz

Maider Arregi 2022ko mar. 10a, 15:00

Harrera bikaina izan du Arrolak antolatuta, asteon abiatu den emakumezkoen eskalada ikastaroak. Martxoko eguaztenetan elkartuko dira rokodromo berrian, eta ondo pasatzeaz gain, emakumea kirolaren esparruan ahalduntzea ere badute helburu.

Aste honetan abiatu da Arrolak, 50. urteurrenaren baitan, emakumezkoendako eskalada ikastaroa rokodromo berrian. Orain arte erabiltzaile gehientsuenak gizonezkoa izanda, emakumezkoendako ikastaroa antolatzea erabaki dutela dio Deiane Zubikarai eskalatzaile eta irakasleak. "Rokodromoa nahiko berria da eta gizonezko asko dabil; emakumezkoen erabilera sustatzeko asmoz antolatu dugu ikastaroa. Egia da, ordea, geroz eta emakume gehiago dabilela bai arroketan eta baita boulderrean ere. Nire asmoa da bakoitza ezagutu eta nola moldatzen den ikustea; taldea egin eta ondo pasatzea, hain zuzen ere", adierazi du Zubikarai irakasleak. Izan ere, ikastaroaren xedeetako bat ere bada emakumeak kirolaren esparruan ahalduntzea eta elkarrekin beldurrei eta erronkei aurre egitea. Ikastaroak harrera bikaina izan du, eta kanpoan geratu denik ere izan da. Dena den, Zubikarik dio aurrerago beste ikastaro bat antolatzeko asmoa ere badutela.

Askotariko eskalatzaileak

Hamaika bat emakumek abiatu dute ikastaroa. Adin tarte askotarikoak ez ezik, batzuk kanpoan, arrokan, ibilitakoak dira; beste batzuk, aldiz, inoiz eskaladan ibili gabeak. Baina motibazio eta gogo bera dute, eta horrek egiten du taldea sendo, zeren inoiz ibili gabeko batzuek beti- danik izan dutela eskaladarekiko interesa aitortu dute. Orain arte, ordea, aukerarik ez zaie sortu, eta ikastaroari esker animatu egin direla diote. Hala, taldean ikasi eta babesa bilatzea dutela helburu gaineratu dute. Martxoko eguaztenetan batuko dira rokodromoan.

Arrolaren ekintzak

Bestalde, Arrola 50. urteurrenean murgilduta dago, eta domekarako, hilak 13, zuhaitz landaketa eguna antolatu du. Haritzak eta pagoak landatuko dituzte, eta herriari eta elkarteko kideei omenaldia egingo diete. Guztira, 50 "gehi bat" zuhaitz landatuko dituzte. "50 zuhaitz, Arrola kideei eta herritarrei eskerrak emateko; eta 'gehi bat' hori elkartearen jarraikortasunaren isla izango da", dio Sara Arietaleanizbeaskoa presidenteak. Domekan 09:00etan Herriko Plazatik abiatuko dira Jentilaitzera. Bertan egingo dute landaketa. Azkenik, hilaren 24an, eguena, Arrolaren ibilbidea eta hainbat testigantza jasotzen dituen Arrola 50 urte mendiz mendi liburua aurkeztuko dute Torresoroan, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak