Ur-saretik kanpo geratu diren hiru baserriri irtenbidea emango zaie

Maider Arregi 2022ko urt. 21a, 14:00

Sarasketa, Loieta eta Altzeta baserriak, ura eramateko proiektutik kanpo geratu ziren azpiegituraren zailtasuna medio. Orain, hiru baserri horiek duten ur-eskasia arazoari irtenbidea eman nahi die Antzuolako Udalak. 10.000 euro bideratuko dira.

Hamabost urte igaro dira jada Antzuolako Udalak herriko baserrietara ura eramateko proiektua abiatu zuenetik. Zehazki, 2006an idatzi zen lehen proiektua eta 2008an hasi ziren lanak. Iaz, amaitu zituzten lan horiek eta Antzuolako 40 baserri inguruk jada badute ur-edangarria eskuratzeko azpiegitura egina.

Obra sakona bezain luzea izan da, eta urtetan inbertsio handia eskatu duena. Guztira, ia 770.000 euroko kostua izan du, alegia. Horietatik 425.000 euro inguru Gipuzkoako Diputazioak jarri ditu. "2002 inguruan hasi zen gaia lantzen saneamendu eta ur-arazoak zirela medio. Halaxe sortu zen proiektu hau; gainera, laguntzak eskuratzeko aukera ere bazegoen. Proiektu honek, ordea, baserri gehientsuenei irtenbidea ematen zien, ez, aldiz, guztiei", kontatu du Ion Aranguren Antzuolako Udaleko Nekazaritza eta ingurumen zinegotziak.

Hamaika faseko proiektu sendoa dela gaineratu du Arangurenek. "Azpiegitura hasten da Iturbe baserria dagoen depositutik. Ondoren, Galartza auzoraino doa, Lizarra auzoa igarota. Iaz Irimo auzoko lanekin amaitutzat eman genuen proiektua. 2022an, proiektuetatik kanpo geratu diren hiru baserriei emango zaie irtenbidea".

Hiru baserriri irtenbidea

Baina ur-sare horretatik kanpo, hiru baserri geratu dira azpiegitura eta irtenbide konplexuagoa baitaukate. Irimo-Goiena auzoko Sarasketa, Irimo-Barreneko Loieta eta Basalden dagoen Altzeta dira, hurrenez hurren. Arangurenek dio asmoa dela hiru baserri horiei ere irtenbidea ematea. "Ura Sarasketarako iturburura, Basalden dagoen Katiako iturburutik ekarriko genuke. Aurten bertan emango genioke irtenbidea Sarasketari. Loieta eta Altzetan ere ur falta dute, baina teknikoki zailagoa da aipatutako proiektuarekin bat egitea, zeren iturburua behealdean geratzen zaie. Hala ere, irtenbide puntuala emango diegu aurten. Baina, behin betiko proiektua idatzita geratuko da, eta garestiagoa izango den arren, ahal denean, irtenbidea emango zaie Loieta eta Altzeta baserriei". Hiru baserriei irtenbidea bi- latzeko aurrekontuetatik 10.000 mila euro bideratuko dira 2022an. Era berean, Arangurenek baserritarrei izandako borondatea eta pazientzia eskertu gura izan die. "Eremu publiko nahiz pribatuetan egin behar izan dira hoditeria-lanak eta jendearen borondateari esker egin dute aurrera lanek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak