Torresoroa eraikinaren atzealdetik hasi eta Sagastitik hilerrira doan egurrezko arrapala egitearen alde egin du Antzuolako Udalak. Segurtasuna izan dutela lehentasun aitortu du Beñardo Kortabarria alkateak, eta, ondorioz, Gipuzkoako Diputazioak baimendutako semaforoa jartzearen aukera baztertu egin dutela adierazi du: "Bi aukera geneuzkan mahai gainean, eta, semaforoarena txarra ez bazen ere, ez genuen oso segurua ikusten. Neska-mutiko ugari igarotzen da bizikletaz bertatik Eztalara joateko, eta batek daki semaforoaren botoiari emango lioketen. Arrapala egitearen aukera seguruagoa dela uste dugu".
Egurrezko arrapala
Obrak berak ez du askorik iraungo, baina lanak adjudikatzeko deialdia egin behar da. "Konkurtsora atera eta aurrekontuak aztertu behar dira. Egurrezko egitura bat da, eta obra ez da oso sakona izango. Egurrezko pasabide bat jarriko da Torresoroa inguruan hasi eta zelaia zeharkatuz –ahal den dena libratuz– zubiraino iritsiko da eta hilerriko bideraino helduko da", argitu du.
Irisgarria
Beñardo Kortabarriak aitortu du hilerrira bideko eskailerak ez direla oso erosoak eta ez dagoela irisgarria Eztalarako eta hilerrirako bidea. "Dezenteko aldapa eta altuera handiko mailak dituen eskailera du bideak. Uste dut beharrezko lan bat Dela gune horretara modu erosoan heltzeko. Gainera, epe laburrean puntrak eta tirolina gunea izango dira bertan, eta herritarren mugimendua handiagoa izango da", nabarmendu du Antzuolako alkateak.