Pobrezia energetikoari aurre egiteko ekimen pilotua martxan da

Maider Arregi 2021ko urr. 5a, 16:03

Profil sozio-ekonomiko zaurgarria duten familia antzuolarren etxebizitzetan isolamendua jartzeko Birgaitzen plana bideratu dute Goizperrek, H-Eneak eta Udaleko Gizarte Ongizate sailak. Goizperrek 10.000 euroko dirulaguntza jarri du profil zaurgarrian dauden herritarrei laguntzeko. Bailaran aitzindaria da ekimena, eta Antzuolako Udalak bitartekari lanak egingo ditu.

Gaur aurkeztu dute Antzuolako Birgaitzen plana udaletxeko osoko bilkura aretoan. Debagoiena 2030 ekimenak gidatutako esperientzia pilotu da Antzuolakoa, eta bultzatzaile nagusiak H-Enea Living Lab, Antzuolako Udala eta Goizper dira. H-Eneako Eñaut Iturbe eta Eukene Barrenetxeak hartu dute hitza. Puri Arregi Gizarte Ongizate zinegotziak ere xehetasunak eman ditu. Antzuola, pobrezia energetikoari irtenbidea ematen lehen Udala dela Antzuolakoa nabarmendu dute. "Bailaran, aitzindaria izan da Antzuolako udala bere ezagutza eta bere taldea baliatuz, gai honen inguruko hausnarketa egiten", adierazi du H-Eneako Eukene Barrenetxeak.

Birgaitzen proiektua

H-Enea Living Labek sustatuta, 2018an jarri zen martxan Birgaitzen plana. Proiektuak bilatzen duena da 80ko hamarkada baino lehenago eraikitako etxeetako tenperatura eta konforta prezio eskuragarrietan hobetzea. "Orain arte lau pilotu gauzatu dira bailarako herri ezberdinetan, eta 40 etxebizitzako konfort baldintzak hobetze lortu da. Etxe horietako tenperatura neguan bataz beste gradu bat eta lau gradu artean altuagoa da. Udaran ere tenperatura freskoago mantentzen da. Ondorioz, urtero 17 tona C02 gutxiago isurtzen dira atmosferara", adierazi du Eñaut Iturbek.

Isolamendu eskasa duten etxeek, neguan berotasuna mantentzeko zailtasunak dituztela konprobatu dela eta hori osasunerako kaltegarria dela ere azaldu du H-Eneako kide Eukene Barrenetxeak. "Egoera hori hobetzeko balio du egindako prozesuak. Hori dela eta, Goizperri Antzuolako profil sozio-ekonomiko zaurgarria duten familien etxebizitzetan isolamendua jartzeko dirulaguntza eskatu genion. Erantzuna positiboa izan zen, eta Goizperrek 10.000 euro bideratuko ditu profil zaurgarrian dauden herritarrei laguntzeko. Udalak, bitartekari lanak egingo ditu".

"Ekimenak onura ekarriko dizkie herrian egoera zaurgarrian bizi direnei, eta bestetik horrelako ekintzek herria kohesionatuagoa eta inklusiboagoa izatea dakar; guztiok elkarlanean berdintasunaren bidea egitea, alegia. Dirulaguntza horren helburua gutxien daukatenei laguntzea da, eta ezinbestean ikusi genuen udalean gizarte sozialen bidez lantzea gai hau", nabarmendu du Puri Arregik.

Laguntzaren baldintzak

Diru laguntza jasotzeko baldintzak honakoak dira:

  • Antzuolan erroldatuta egotea
  • Udalerrian etxebizitza jabegoan edo usufruktuan izatea
  • Ohiko bizileku iraunkorra izatea
  • Bestelako etxebizitza baten jabetzari dagokionez, ezingo da etxebizitzaren %50a baino gehiago eduki; eta erosketa bidez eskuratu bada, %50a baino gutxiago izan beharko da jabetzan.
  • Etxebizitzak baldintza batzuk ere bete beharko ditu, tartean, 1980. urtea baino lehenago eraikia izatea eta teknikoki obra edo intsuflazio hori eraginkorra izango litzatekeen bermatzea.
  • Eskatzailearen profil ez sozio-ekonomikoaren arabera baloratuko da. Hau da,  kopuru gutxiena daukana izango da lehen onuraduna. Eskatzaileek, diru sarrerak justifikatu beharko dituzte eta kasuak kasu, errenta aitorpena aurkeztu.

Azken eguna urriaren 29a da (12:00ak). Agiriak udaletxeko edo gizarte zerbitzuetan aurkeztu daitezke  (edo gizartea@antzuola.com helbidera bidali). Antzuolako Udala, Goizper eta H-Eneak osatutako mahaiak ebatziko du prozedura. Laguntzaren barruan sartzen dira intsuflatzearen gastua eta udal baimenaren tasa ordaintzeko kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak