Ordubete, 34 minutu eta 57 segundo behar izan ditu Ekain Ajerrista Atracciones Sanz taldeko azpeitiarrak Uzarragako helmugara iristeko. Segundo bakarreko aldea atera die Mikel Goikoetxea eta Yago Agirreri. Beroak neke handia eragin die jubenil mailako ziklistei, eta indarrak gorde behar izan dituzte lasterketako zatirik gogorrenari aurre egiteko. Irabazleak balio handia eman dio garaipenari, are gehiago "bere ibilbideko lehena" izan dela kontuan hartuta. Atzo Idiazabalen aritu ziren txirrindulariak, gainera; Gipuzkoako txirrindularitza federazioak antolatutako lasterketa izan zen hura ere.
Antzuolako Peña Aiastuiko kideak gustura azaldu dira goizak emandakoarekin. Iaz pandemia hasierak harrapatu zuen hitzordua, eta atzeratu egin behar izan zuten irailaren 26ra. Aurten, hiru hilabeteko atzerapenaz ospatu duten arren, giro bikaina egon da, eta ez da arazorik sortu.