Unai Beitia: "Natura entzun eta lurra leheneratzea da gakoa"

Maider Arregi 2021ko mai. 14a, 09:00

Baserri aurreratua izateko oinarriak azalduko ditu Mungiako Itturbaltza ustiaketako kide Unai Beitiak. Solasaldia gaur 18:30ean Torresoroa aretoan izango da. Berrikuntza ekonomian, ingurugiroan eta gizartean dakarrela nekazaritza eta abeltzaintza birsortzaileak dio. Lurra leheneratzeak duen garrantziaz jardun du GOIENArekin.

Zer da nekazaritza eta abeltzaintza birsortzailea?

Naturaren alde lan egitea da. Izan ere, orain arte, gizakiak elikagaiak sortzeko monolaborantzaren alde egin du. Abeltzaintzari dagokionez, pentsu konpostatu asko erabiltzen dira, etekin ekonomikoa lehenetsiz eta haragiaren emaitzan erre-paratu gabe. Horrek dakar zereal produkzio ikaragarria ekoiztea eta gu horietaz elikatzea. Jakin behar dugu, ordea, naturak eraso horri aurre egiteko mekanismoak jartzen dituela.

Osasunarekin lotuta dago, beraz.

Bai. Gizartean ez da transmititzen ekologikoaren garrantzia. Logikoa den bezala, garestiagoa da. Sistemak produkzio handiak sustatzen ditu; horregatik, ustiapen birsortzaile txiki bat jarri nahi duenak Europako araudiarekin talka egiten du, ez baitago erregulatuta. Oilasko haztegi handi bat jarri nahi duenak, aldiz, errazago dauka.

Abeltzaintza birsortzailearen ezaugarri nagusia zein da?

Larreetan, bazkalekuetan ibiltzeko modua. Gakoa da lursailak sail txikietan banatzea artzain elektrikoaren bitartez, eta modu horretan ganadua txandakatzea. Hala, sail bakoitzean gehienez sei-zortzi egun edukitzen da, eta ondoren beste sail batera aldatu. Transhumantziaren oinarria da. Garai bateko artzainek egiten zuten bezala.

Zein onura ondorioztatu dituzue?

Metodo honek lana eskatzen du, artzain elektriko bidez sailak banatzen ibiltzea, eta ura jarri behar izatea hainbat gunetan. Baina abereengan onura izugarriak ikusi ditugu jada. Abereak hobeto daude, eta ez zaie parasitorik hil behar. Ohiko abeltzaintzan, aldiz, oinarrizkoa da desparasitazioa. Gehiegizko larreen erabilerak sortzen ditu animalien parasitoak, larrea kutsatu egiten delako. Parasitoen zikloa eteteko modua ere bada abeltzaintza birsortzailea.

Larreari, beraz, behar duen denbora eta atsedena ematen zaio.

Bai; 21 egun baino gehiago behar dira parasitoen zikloa eteteko. Hau da, ganaduaren gorotzetan sortzen diren parasitoen arrautzak hiltzeko. Izan ere, ez daukate belarjalerik, eta parasitoen oreka hori hil egiten da. Gainera, ganadua sei egun baino gehiago mugitu gabe badago larrean, belarrik gozoena jango du. Hala, gozoenak ahuldu –lekadunak, hirustak...– eta ez hain gozoenak indartu egiten dira.

Ganadua txandakatzea ere ona da?

Bai, noski. Espezieen alternantzia horrek parasitoak ekidin ez ezik, larreendako onurak dakartza. Baina %100ean dena ondo egitea oso zaila da. Naturaren erritmoa eta zikloak ez doaz gizakiaren erlojuarekin; beraz, oso zaila da. Sistema honek dakarrena da animaliekin gehiago egon behar dela, eta inbertsioa egin behar dela bai artzain elektrikoak jartzeko, baita ura larreetara eramateko.

Zein ondorio atera dituzue?

Gurea bizitza proiektu bat da eta bagoaz onurak ikusten. Baina zortzi-hamar urte pasa ostean ikusten omen dira onurak. Guk bost bat urte daramatzagu Itturbaltza ustiaketa proiektuarekin. Ehun hektarea baino gehiago erabiltzen ditugu, baina guztietan ezin dut metodo hau erabili, zenbait zailtasun ditu-dalako: errepidea, distantziak... Hala ere, gure xedea da larreetako haragia ekoiztea. Pentsua ez diegu ematen –soilik araudi ekologikoak baimentzen duena, eta txahalei–. Haragia osasuntsuagoa da, baina zapore ezberdina du, eta oraindik ohitu egin behar dugu horretara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak