Aritz Ganboa artzainak eman dio hasiera baserritarren asteari

Maider Arregi 2021ko mai. 14a, 08:00

Lehen sektorea ardatz duen kultura eskaintza abiatu da Antzuolan, Aritz Ganboak eman dio asteari hasiera. Bihar, berriz, Antzuolako baserritarren sasoiko produktuak eta artisau lanak izango dira protagonista San Isidro azokan. Arratsaldean, bertso-saio musikatua izango da eskolako patioan.

Bihar, maiatzak 15, baserritarren eguna da, San Isidro. Horren bueltan hasi dira antzuolarrak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaiak mahai gainean jartzen eta hausnartzen. Martitzenean, esaterako, Aritz Ganboa artzain arruazuarrak solasaldia eta Bideak filmaren emanaldia eskaini zuen Torresoroan. Landa eremuko bizimodua eta kultura aldarrikatzeko ikus-entzunezkoa da, eta bertan izan zen baita ere dokumentalaren zuzendari Xabier Unanua azalpenak ematen.

Baserritarren azoka

Guztira, hamaika ekoizle eta artisau antzuolarrek jarriko dute postua biharko azokan. Bertakoendako eta herriko ekoizleendako azoka izango dela azaldu du Udalak. 11:00etan, Alboradak txistulari taldeak girotuko ditu herriko kaleak.

'Ez da kasualitatea'

Umorea, musika, bertsoa, jolasa, gogoeta eta emakumeen arteko konplizitatea uztartzen dituen bertso-saio musikatua egingo da bihar, 18:30ean, patioan. Onintza Enbeitak, Alaia Martinek, Maialen Arzallusek eta Oihana Iguaranek jardungo dute bertsotan. Sarrera 10 euro da.

Emakume baserritarrak

Lehen sektorea ardatz duen asteari amaiera borobila emateko, emakume baserritarrak oinarri dituen Erroa eta geroa dokumentala izango da ikusgai hilaren 17an, Torresoroan, 18:30ean. Gogoan izan behar da ekitaldi guztietara joateko sarrerak eskuratu behar direla ohiko bideen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak