Uzarragako Igoera, atzeratuta, adostasunez

Maider Arregi 2021ko mar. 18a, 09:41

Egutegian domeka gorriz markatuta zuten bailarako txirrindulari-zaleek; baina koronabirusak herrian duen bilakaera ikusita, "zuhurtziaz jokatzea" eta Uzarragako igoera "ez egitea" erabaki dute Antzuolako Udalak eta Aiastui Txirrindularitza Elkarteak.

Pandemia betean ezegonkortasuna nagusi den honetan, Euskal Herriko Txirrindularitza Federazioak egutegia osatuta zuen, taldeek, behinik behin, antolatzeko aukera eta erreferentzia izan zezaten 2021ean. Baina hasi dira aldaketak jada. Hala, domekan, martxoak 20, lehiatzekoa zen Uzarragako igoera atzeratu egin behar izan dute. Joan den egubakoitzean, Antzuolako intzidentzia-tasa zein zen ikusita hartu zuten proba bertan behera uzteko erabakia Antzuolako Udalak eta Aiastui elkarteak. "Herrian dagoen osasun egoera dela-eta Aiastui elkarteak eta Udalak adostu dugu Uzarragako Igoera atzeratzea. Zuhurtziaz hartutako erabakia izan da, horrelakoetan kanpotik jende asko etortzen delako. Iaz ere atzeratu behar izan zen, iraila arte. Aurten oraindik ez daukagu lasterketa egiteko data berririk, baina egoerak baimentzen duenean eta egutegian tarteren bat dagoenean Aiastui elkarteak antolatuko du berriro", jakinarazi du Udalak, asteon, ohar baten bidez.

Osasun neurriak

Iaz egin zen moduan, osasun neurriak bermatuko dituen kontingentzia-plana egina du Aiastui elkarteak, eta aldaketaren bat edo beste izango luke aurten ere lasterketak. "Koronabirusaren aurrean hartu beharreko neurriek zenbait aldaketa eragin dituzte. Hala, lasterketako irteera puntua herrian beharrean Goizperko aparkalekuan izango da. Helburua da jende pilaketak saihestea. Izan ere, 200 bat ziklistak parte hartzen badute, horien bueltan batzen diren senitarteko, lagun, zuzendari edo laguntzaileak asko izan daitezke eta jendetza batu daiteke", azaldu du Joseba Lezetak, Aiastui elkarteko kideak. Federazioak egutegian lekua eginda, eta osasun egoerak ho-bera eginda, Uzarragakoa 47. edizioa izango da. Ibilbideari dagokionez, iazko berbera izango da –ia 60 kilometro, 16:00etan hasita–: Antzuolatik neutraliza-tuta jaitsiko dira Bergarara, eta han, saihesbideko tunela igarota, martxan jarriko da proba.

Lehendakari txapelketa

Euskal Herriko Txirrindularitza Federazioaren egutegiaren ara-bera, uztailaren 11n, Lehendakari txapelketako 23 urtez azpiko Iñaki Leteren oroimenezko lasterketa egingo litzateke –herriko jai nagusiak egingo balira, aurreko asteburuan izango litzateke lasterketa–. Uztailaren 11n, gainera, Euskadi Open BTT proba egingo litzateke, dena ondo bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak