Landatxopek M8ko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du

Maider Arregi 2021ko mar. 5a, 13:25

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Landatxope elkarteak Antzuolako emakumeei, bereziki erretiratu eta pentsiodunei, astelehenean 12:00etan plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. Ohi bezala, segurtasun neurriak kontuan hartuko dituzte.

Landatxope elkartearen oharra:

"Desberdintasunak bistaratu berdintasuna bermatzeko:

Aurreko belaunaldietako mentalitate eta praktika sozialen eraginez, gizonak lan merkatura sartzen ziren eta soldata bat eskuratzen zuten; emakumeek, ezkondu eta etxean geratzen ziren etxea gobernatzen, umeak eta adinekoak zaintzen; lan munduan zenbiltzaten emakumeek, ere, enplegua uzten zuten ezkontzeko. Salbuespenak salbuespen, hau zen frankismoak eta elizak erakusten zuten doktrina. Rol banaketa hau diskriminazio iturri izan da: gizonen lana sozialki baloratua egon da, eta emakumeek debalde eta oporrik gabe egin dutena ez da sikiera lana kontsideratu, eta, “emakume ez aktibo” bezala agertu dira estatistiketan. COVIDaren pandemiak, baina, inoiz baino argiago utzi du zaintza lanak duten garrantzia, etxekoen artean egiten direnak edo langileek (gehienak emakumeak) etxez etxe edo egoitzetan egiten dutenak. Baina, gobernu eta erakundeek zaintza-lana oso garrantzizkoa dela aitortzen duten arren, arlo honetako soldatak eta lan baldintzak ez dira izaten gizonek egiten dituzten pareko beste lanen mailakoak. Urteak pasa ahala, erretiro-adinera iritsi eta emakume askok ez dute izaten bizitza duin bat ziurtatzeko beste baldintza ekonomikorik; gaur egun ere emakumeak dira, gehien bat, seme-alabak edo nagusiak zaintzeko lan-baimenak, jarduera partzialak, etenak edo gutxi baloratzen diren lanak izaten dituztenak. Jubilazio pentsioa, kotizatu dugunaren araberakoa denez, emakumeok desabantaila nabaria dugu: Euskadin, gizonezkoen pentsioen bataz-bestekoa 1704€koa da eta emakumezkoena 1051€koa. Honek esan nahi du, parean geratzeko, emakumeena %62 igo beharko litzatekeela. Uste dugu pentsioetan ematen diren egoera ezberdinei eman behar zaien erantzuna birplanteatu behar dela: kotizatu arren pentsio txikiak direnei, pentsio minimo eta alarguntasun-pentsioei, alegia. Kasu guztietan, bi irizpideen arabera: inor ez dadila atzean geratu eta, denok, bizitza duin bat bizitzeko nahikoa edukitzea. Eta, aurrerantzean, oraingo egoera errepikatu ez dedin, ezinbestekoa da gizon eta emakumeek etxeko lanen eta zaintzen ardura maila berean partekatzea, eta lan munduan aukera berdinak eta pareko soldatak bermatzea. Historiak erakutsi digu inork ez digula ezer oparituko, lorpen sozialak lan eta borrokaren ondorioz etorri dira, gu prest gaude bide horretatik jarraitzeko. Honen harira, duela 45 urte Gasteizen, martxoak 3an, erahil zituzten 5 langile ekarri nahi ditugu gogora, gertaera haiek argitu daitezela aldarrikatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak