Ontzi arinen gaineko kontzientziazio kanpaina Antzuolan hasi dute

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 8a, 08:21

Debagoieneko Mankomunitatearen Ondo bereiztua, asko aurreztua kanpainaren baitako kontzientziazio kanpainari Antzuolan eman diote hasiera, Arazi elkarteko kideek dinamizatuta. Haurrentzako hainbat tailer egiteaz gain, informazio puntu bat jarri dute eta kotoi organikozko poltsa baten zozketan parte hartzeko aukera ere egon da. Datozen asteetan bailarako herri guztietan izango dira. 

Arazi elkarteko kide Ainara Garciak azaldu duenez, ontzi arinen edukiontzia plastikoena moduan ikusten dute askok eta horrek "arazo handiak" ekartzen ditu. "Hondakin inpropio asko iristen dira birziklapen plantara eta horri buelta emateko asmoa du kanpaina honek", gaineratu du –ez dagokion frakziora botatako hondakina da inpropioa–.

Izan ere, ontzi arinak gaizki bereizteak 150.000 euroko galera sortu dio Mankomunitateari azken bi urteetan, eta horregatik jarri du abian kanpaina hau. "Herritarrek izaten dituzten zalantza ohikoenak hauek izaten dira, ontzi horira botatzen dituztenak eta errefusa moduan kontsideratuta daudenak: plastikozko pertxa, plastikozko pintzak, umeen plastikozko jostailuak, CD edo diskoak, txartel elektronikoak. Azken hauek material kutsagarriak dituzte eta garbigunera eraman beharko genituzke", adierazi du Garciak.

Haurrekin, tailerrak

Herritarrak kontzientziatzeko helburua du kanpainak, baina pertsona helduei informazioa emateaz gain, haurrekin hainbat ekintza ere egin dituzte Antzuolan. "Batetik, herrian dauden askotariko zaborrak jaso eta gero karakterizazio bat egin dugu, bakoitza ze edukiontzitan bota behar den ikusteko. Bestetik, marrazkiak egin ditugu, jokaera egokiak eta ezegokiak bereizteko eta ondoren mural batean itsatsi ditugu".

Tailerretan parte hartzeko, izen-emate bidez funtzionatzen ari dira eta talde bakoitzean lau ume edukiko dituzte gehienez, hiru haur eta hezitzailea. "Datozen asteetan ikusiko dugu neurriak aldatzen diren".

Zozketa

Bestalde, zozketa bat ere jarri dute martxan. "Kotoi organikozko poltsa eder batzuk zozketatuko ditugu eta informazio puntuetan diptiko batzuk banatzen ari gara, gai hauen inguruan hitz egiteaz gain, zozketan parte hartzeko aukera emanez". Martxoaren 27an egingo dute zozketa eta hemen eman daiteke izena. 

Zer bota dezakezu ontzi horira?

  • Plastikozko ontziak eta bilgarriak.
  • Dendetan ematen dituzten plastikozko poltsak.
  • Edari eta kontserba-latak.
  • Brikak.
  • Poliespan erretilu txikiak eta horien bilgarriak.
  • Aluminiozko erretilua, papera...

Zer ezin dezakezu bota ontzi horira?

  • Pixoihalak.
  • Plastikozko jostailuak.
  • Bobinaka erosten diren zabor poltsak.
  • Hondakin organikoak.
  • Medikamentuen, disoltzaileen edo pinturen ontziak.
  • Etxetresna elektriko txikiak.
  • CD, DVD eta antzerakoak.
  • Boligrafoak eta antzerakoak.
  • Orraziak eta hortzetako eskuilak.
  • Kazola eta zartaginak.
  • Arropa eta osagarriak.
  • Kartutxo eta tonerrak.
  • Pertxak, pintzak eta gomazko eskularruak.
  • Tupperrak eta hodiak.
  • Nahastutako bestelako zaborra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak