128 plaka fotovoltaiko udal eraikinak elikatzeko

Maider Arregi 2021ko urt. 22a, 09:00

Goiener enpresaren Nafarkoop kooperatibak kaleratu duen txostenaren arabera, Antzuolako udal eraikinak energia berriztagarriz hornitzea errentagarria da. Hala, pilotalekuko eta Herri Eskolako teilatuetan 128 plaka jarri nahi ditu udalak aurten.

Autokontsumo energetikoaren aldeko apustua egin du Antzuolako Udalak. Izan ere, herriko hainbat udal eraikin energia berriztagarriz hornitzea posible dela ondorioztatu du Goiener enpresaren baitan dagoen Nafarkoop kooperatibak.

Asteon, herriarendako proiektua errentagarria dela jakin du Udalak. Izan ere, ingurumenarekiko errespetua bermatu ez ezik, urtean sei mila euro aurreztuko lirateke argindarrean. Kalkulua eginda, hamar bat urtean egindako inbertsioa amortizatuta geratuko litzateke.

Proiektu horrek, ordea, bi zati dituela aurreratu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak: "Batetik, gure eraikin publikoak energia berriztagarriz hornitzeko sistema eratzearen proiektua dugu; eta, bestetik, herriko zenbait kaletako argiteria energia berriztagarrien bidez elikatzearen egitasmoa dugu esku artean une honetan".

128 plaka fotovoltaiko

Herriko eraikin publikoak energia berriztagarriz hornitzeko 128 plaka fotovoltaiko jarriko dira bi eraikin ezberdinetako teilatuetan. "Jaso berri dugun txostenaren arabera, 128 plaka fotovoltaikoko inbertsioa eginda, posible da energia berriztagarriz hornitzea udal eraikin publikoak. Plakak bai pilotalekuan eta baita ere Herri Eskolako eraikin berrian jartzea aztertu du Nafarkoopek. Hala, gaztetxea, Olaran, eskola, udaletxea, pilotalekua eta Torresoroa argindar jasangarriz elikatuko lirateke".

Orain, jasotako txostena ondo aztertu eta hausnartu nahi du Udal Gobernuak. "Aurrekontuetan mila euro bideratu dugu soilik, eta bagenekien proiektua egingarria bazen gehiago inbertitu beharko genuela. Horregatik dago lagata 110.000 euroko kreditu globala, eta propio dakigu gerakina erabiltzeko aukera daukagula. Txostenaren ara-bera, sistema martxan jartzea 65.000 euro kostatzen da. Helburua, orain, txostena errepasatu, diru partida bideratu eta lehenbailehen deialdia egitea da".

Kaleko argiteria

Bigarren fase batean, Aitzako depositutik kalera doan ur-jauziak behar beste energia sortu dezakeen ere aztertuko dute. Helburua da ur-jauzi horren energia aprobetxatu eta Ondarre, Herriko Plaza, Kalebarren, Ahierra eta Beheko auzoa argi jasangarriz hornitzea. "Azterketa egin gabe dago, eta ez dakigu errentagarria izango den. Hala balitz, aurrera egingo genuke proiektuarekin. Aurten, lehen fasea egingo dugu, behintzat, eraikin publikoena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak