Ia 250.000 euro bideratuko ditu Udalak inbertsioetarako

Maider Arregi 2021ko urt. 14a, 14:51

Antzuolako Udalak 2021erako 246.825 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Diruz handienak diren inbertsioak Olarango obra –180.000 euro– eta Plan orokorra –90.000 euro– dira. Inbertsioak abiarazteko lehen urratsa datorren astean egingo du Udalak, aurrekontua behin betiko onartzen denean –2.830.323 euro–.

 "Olarango lanen deialdia aterako dugu behin betiko aurrekontuak onartzen direnean. Pleguak idatzita ditugu jada, eta,  esleipena egiten denean, enpresa irabazleak martxoan hasiko ditu lanak. Abendurako amaituta izan beharko ditu, hori da baldintza", dio Beñardo Kortabarria alkateak.

Parte-hartze prozesuak

Diruz horren potoloak ez diren inbertsioak baina antzuolarrei zuzenean eragiten dietenak dira Errekalde auzoa duintzeko eta jolasguneen azterketarako parte-hartzeak. "COVID-19ak ahalbideratzen badu, auzotarrekin batuko gara eta euren kezkak eta iritziak aztertuko ditugu. Nolako auzoa izan gura dugun irudikatuko dugu guztion artean. Bestalde, herriko jolasguneen gaineko azterketa ere bagabiltza egiten –modu ez aurrez aurrekoan– eragile ezberdinekin; gero, herrira zabalduko dugu".

Bestelako obra eta inbertsioak

Trenbide zaharreko bide-berdea egokitzeko lanak ere jomuga ditu Udalak. Diputazioarekin adostua du aurten egingo dituztela Galarditik Deskargarainoko lanak. Eta ia urtebete erorita dagoen tunela ere konponduko dutela azaldu du. Baserrietara ur-hornidura eramateko lanak ere aurten amaituko dituzte. Auzolanean oinarrituta egingo dira aurten ere –25.000 euro–. Udal gimnasioa noiz ireki daitekeen, berriz, koronabirusak baldintzatuko du. Baina kirol-tresnak erosteko diru partida 22.000 eurokoa da eta aukera ezberdinak aztertuko ditu orain Udalak, lehenbailehen gimnasioa martxan jartzeko. Herritarrek gimnasioan modu autonomoan eta euren ardurapean erabiltzeko aukera izango dute. Txartel bidezko sarrera izango du eta ikastaroak eskainiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak