2.830.000 euroko aurrekontua izango du Antzuolako Udalak 2021ean

Jone Olabarria 2020ko abe. 30a, 16:04

Guztira 2.830.323 euroko aurrekontua izango du 2021erako Antzuolako Udalak. Atzo egindako osoko bilkuran onartu zuten hasierako onespena EH Bilduren aldeko botoekin. Jeltzaleek kontrako botoa eman zuten eta Miren Gallastegi sozialista abstenitu egin zen.

Aurkeztutako aurrekontuetan, diru partidei dagokienez, Olaran etxeko obrak eta herriko Plan Orokorrak eraman dute diru kopuru handiena, 180.000 eta 90.000 euro, hurrenez hurrenez. Gogoratu, Plan Orokorrak 250.000 euro inguruko aurrekontua duela, lau urtean zehar gauzatzeko. Kultur ekitaldiek pandemian izandako garrantziaz jabetuta, 24.000 euro bideratu dituzte horietara, baserrietarako ur hornidura instalazioak bukatzeko ere 25.000eko partida gorde dute, 22.000 gimnasioko aparatuak erosteko, eta frontoian berogailua jartzeko 20.000 euro. Bestalde, udalak egun martxan duen azterketaren emaitza jakitean, herriko argiteria sarea berritzea posible den erabakiko dute.

Gerakina, eztabaidagai

Gastu eta oreka arauak ez dira aplikatuko 2021ean, eta aurtengo inbertsioetarako gaitasuna 246.825 eurokoa izanda. Beñardo Kortabarria alkateak azaldu duenez, "ziurgabetasun egoeraren aurrean gerakina edozein unetan erabiltzeko aukera izatea" izan da erabakiaren arrazoia. Gerakin horren kudeaketak eztabaida eragin zuen osoko bilkuran, eta jeltzaleek "ez dela bidezkoa" zehaztu dute: "Egoera berezi batean gaude, non Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei mugi daitezen eskatzen zaien, eta are gehiago, zorpetu daitezela pizgarri izan daitezen ekonomia suspertzeko. Guri ordea, aurrekontu bat aurkeztu digute, non sarrerak gastuak baino handiagoak diren, alegia, aurten ere beste 200.00 euroko gerakina izango dugu". Gaineratu dutenez,  pilatutako soberakinarekin, "beste 600-800 mila euro ditugu erabilgarri edozein proiektutarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak