Eskolako lan sakonenak, abendurako gertu

Maider Arregi 2020ko urr. 22a, 18:00

Dena ondo bidean, otsaileko bigarren asterako Herri Eskolako lanak amaituta izango ditu Diputazioak. abendurako eraikinaren handitze lanak eginda izatea aurreikusten du obra zuzendaritzak, eta urtarrilean ekingo zaie inguruko urbanizazio lanei

Antzuolako Herri Eskola handitzeko lanak iazko abuztuan hasi ziren, eta martxan onean doaz, aurreikusitako epeak betez.Une honetan eraikinaren barrualdean ari dira langileak lanean. Geletan eta pasilloan dihardute, pladurrezko hormak eraikitzen. Berehala, baina, kanpoaldean, eraikinaren aurrealdeko lanei ekingo diete. Abendurako eskola handitzeko lanak amaituta egongo lirateke, eta, dena ondo bidean, urtarrila eta otsaila bitartean urbanizazio lanak egingo dituzte. "Obrako teknikariak jakinarazi duenez, otsailaren bigarren asterako lanak amaituta egongo lirateke. Urte bukaerarako obraren lan sakonena egitea aurreikusten dute eta datorren urteko urtarrilean urbanizazio lanak eta azken ukituak emateko asmoa dute, hain zuzen ere. 18 hilabeteko obra bat zen, eta iazko abuztuaren hondarrean hasi ziren. Urte eta erdiko epean egingo dituzte, beraz", argitu du Mikel Bargielak, Ongizate eta Pertsonal Saileko zinegotziak.

Beharrezko hobekuntza

Antzuolako Herri Eskolak egun beharrezkoa duen hobekuntza geroz eta gertuago dagoela dio Mikel Bargiela zinegotziak. "Az-ken urteetan espazio falta arazo handia izan da Antzuolako es-kolarendako. 2013an jarri zituz-ten aurrefabrikatutako bi gela eta oraintsu arte martxan daude. Baina benetako irtenbidea eskola handitzeko lanak amaitzean etorriko da".

300 metro koadro handiagoa

Egiten diharduten lanen artean nabarmendu behar da jangela handiagoa izango duela eskolak eta lehen eta bigarren solairuetan zazpi gela izango dituela. Behealdeko patioa, gainera, estali egingo dute. "Irakasleendako gelak, erabilera askotariko gelak eta ikasleendako gelak izango ditu eskolak, bi solairutan banatuta. Jangela handitzea ere bazen helburua, eta orain, ia bikoitza izango du". Obra sakona da Antzuolako eskolarena, eta 300 metro koadro handiagoa izango da, handitze lan horri esker.

Roberto Lazaro obra teknikariak GOIENAri kontatu dio eraikinaren fatxadaren itxura berritzailea eta modernoa izango dela. "Olatu forma duen xafla ezarriko da. Baina bigarren fatxada nagusi bat ere izango du, bigarren azal bat izango balitza bezala, eta hori da, hain justu ere, berritasuna". Estilo modernoko eskola handitzeko lanen aurrekontua milioi bat eta berrehun mila euro pasatxokoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak