Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak erabaki du egin barik dauden txapelketa guztiak bertan behera uztea. Erabaki horrek zuzenean eragiten dio Gipuzkoako Herri Artekoari; izan ere, aurten ez da jokatuko. Hala, iaz txapelketa horretan parte hartu zuten Oñatiko, Arrasateko eta Aretxabaletako pilotariek hurrengo urtera arte itxaron beharko dute. Arabako Herri Artekoari dagokionez, oraindik ez dute erabakirik hartu.
Emakumezkoen Master Cup txapelketak, ostera, aurrera darrai. Pilota Goxoa kategoriako finalerdia joan den asteburuan zen jokatzekoa baina ekainaren 21era atzeratu dute. Eta hor izango dira Antzuolako Galeano ahizpak. Final-aurrekora iritsi eta jokatzerik ez ote zuten izango beldur izan dira.
Konfinamenduko lehen asteetan ez zuten izan gura moduan entrenatzeko aukerarik eta etxean ibili behar izan zuten. Azken asteetan, ostera, pilotalekura joatea lortu dute baimen bati esker, eta astean hiru egunetan izaten dira han.
Elgoibarren jokatuko dute final-aurreko hori , eta aurrez aurre izango dute Ainhoa Ruiz de Infantek eta Amaia Jakak osatutako bikotea. Badakite ez dela aurkari samurra izango.
Final-aurrekoa irabazten duen bikotea finalean izango da eta hori hilaren 28an jokatuko dute, Irunen. Galeano ahizpak txartel horren bila joango dira zalantzarik gabe.
Txapelketako jokalari gaztetxoenak dira 15 eta 12 urterekin eta ezer galtzeko ez dutela jakinik dena ematera doaz. Egun horretan harmailak beteta ikusi gurako lituzkete, eta kontuak egunetik egunera aldatzen doazenez, ikusleen berotasuna jasoko duten itxaropena daukate.