Asteburuan zabalik egongo da bidegorria

Maider Arregi 2020ko mai. 22a, 08:00

Bidegorriarekin batera Antzuolako ur-zikinak Bergarako araztegira eramango dituen kolektorea egiteko asmoa du Gipuzkoako Diputazioak. Aiztiko zatiaren proiektua eginda dago eta lanak udan egitea daude aurreikusita; Galartzatik Bergararako zatia geldi dago ordea eta oraingoz ez dago proiekturik idatzita.

Aste honetan, Arizti eta Galartza arteko bidegorri zatia itxita egongo da erabiltzaileendako. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak bidegorrian hondoratuta zegoen zoru tartea konpontzeko lanak egiten dihardu. Berez, bidegorriaren itxiera hilaren 18tik 24ra artekoa izango zela iragarri zuen Gipuzkoako Aldundiak; baina asteburuan oinezkoendako pasabidetxo bat irekiko dutela adierazi diote bertako langileek GOIENAri. "Lanak ia-ia amaituta daude eta astebururako oinezkoei aukera emateko tartetxoa irekitzeko aukera izango dugu. Hala, lanik handienak eginda, datozen egunetan amaituko ditugu lurra egonkortzeko lanak", azaldu dute langileek.

Ur-zikinen kolektorea

Bidegorriarekin batera egitekoak dira, ordea, Antzuolako ur-zikinak Bergarako araztegira eroango dituen kolektoreari falta zaizkion tarteak. Oraingoz, baina, bidegorritik Bergarara joango litzatekeen kolektoreko lanak geldi daude. "Guk daukagun azken berria hauxe da: kolektorea Aiztiko zuzengunetik eroango dute, oraingoz. Proiektua ikusita daukagu, eta baita ere 2020ko abuztuan egiteko asmoa. Bestetik, badago kolektoreak eta bidegorriak eduki beharreko beste zati bat ere: Galartzatik igaro eta Bergarainokoa. Guk dakigunaren arabera, oraindik ez dago proiektua onartuta eta ez dago partidarik horretarako. Horixe da guk gaur-gaurkoz daukagun informazioa. Kolektoreari dagokionez, une honetan zerbait egitekotan Aiztiko zatia da, eta, berez, abuztuan hastekoak dira egiten. Azkenengoz Diputazioan egon ginenean, ordea, bi zatiak aldi berean egin gura zituztela esan ziguten. Beraz, ez dakigu zer eta noiz izango den; 2020an egingo den edo 2021ean...", argitu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak.

Bergarako lotunea

Bergara eta Antzuola lotuko dituen bidegorri zatia geldi dago, oraingoz. "Badakit Bergarako sarrerari buruzko proiekturik ez dagoela oraindik. Ura agentziaren eta Diputazioaren arteko akordio tekniko bat badagoela ere esan digute; baina ez dakigu zehazki ezer garbirik". Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuaren departamentuak GOIENAri jakinarazi dionez, zati hori ez da aurten egingo. Hala ere, egiteko asmoa baduela argitu du: "Egiteko dauden bidegorrien artean daukagu aurreikusia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak