Antzuolako Udala San Isidro festa indartu nahian aritu da azken urteetan eta aurtengorako, COVID-19a heldu aurretik, "jai berezia" zuten pentsatuta. Koronabirusak eragindako itxialdia arintzen joan dela ikusita, ekitaldi batzuk egitea erabaki zuten hasieran; tartean, bertso saio ibiltaria.
Kortabarria: "Bertsolariak ez ekarri izanaren pena handiena gurea da"
Hala ere, azken orduan saioa suspenditzea erabaki zuen Udalak eta honela azaldu du arrazoia gaur Beñardo Kortabarria alkateak: "Bertsolariekin hitz egin eta Ertzaintzari baimena eskatu ostean, asmoa genuen auzoz auzo saio txikiak egiteko. Azken bi asteetan gure artean berbetan ibili gara eta kezka bagenuen... Orduan azken orduan erabaki genuen, betiere bertsolariekin ere egonda, akaso goizegi zela halako bat antolatzeko".
Kortabarriak gaineratu du prebentzio neurri moduan hartu dutela: "Kontuan hartu dugu zein den egoera eta ze ondorio izan zitezkeen; benetako lehen fase baten sartuko bagina, lehenbailehen antolatuko genuke. Herritarrek jakin behar dute bertsolariak ez ekarri izanaren pena handiena guk daukagula".
Herritarrei enpatia ariketa bat egiteko eskaera
Azken orduetan kaleetan entzun diren kritiken harira, alkateak herritarrei eskatu die "une batez bada ere" euren lekuan jartzeko: "Egoera hau oso konplikatua da guretzat kudeatzeko; gure gainetik daudenak, mundu mailako agintariek eurek ere, ikusi nolako gorabeherak izan dituzten. Pentsatu gu nola ibili gaitezkeen. Udalera ez ginen heldu pandemia bat kudeatzeko eta horregatik eskatzen diet herritarrei gure paperean jartzeko. Gu baino hobeto egiteko gai badira etor daitezela eta egin dezatela, baina egin dezatela; oso erraza da esan eta ezer ez egitea".
Jai batzordea maiatzaren 27an elkartuko da
Herriko jai nagusiez galdetuta, Kortabarriak ez direla erabat bertan behera utziko baina "argi" dauka ez direla orain arte modukoak izango: "Ezberdinak izango dira, ziur. Ni ez nago jai batzordean eta batzordeak erabaki beharko du, baina ondo pentsatu beharko da zer eta nola antolatu".