[AZKEN ORDUA] Bertso-saioa atzeratu egin dute "zuhurtziagatik"

Maider Arregi 2020ko mai. 15a, 14:16

"Biharko prestatua geneukan bertso-triki kalejira bertan behera uztea erabaki dugu, zuhurtziagatik. Egingo dugu, baina beranduago. Ekintza hau prestatu genuenean, balkoietako ikusleengan pentsatu genuen. Egoera, baina, aldatu egin da. Orain, 01 fase faltsu batean gaude, kalean baina nahasi ezinda", arrazoitu du Antzuolako Udalak.

"Hala ere, ekintzari eustea pentsatu genuen, beti ere balkoien txipa galdu barik, uste genuelako jendea horrelako ekintza baten aurrean zentzuz eta erantzunkizunez jokatzeko prest egongo zela. Azken bi asteotan izan ditugun iritzi trukaketen eta bileren ondorioz, eta herrian ikusi ditugun jarreren ondorioz, bertsolariekin hitz egin eta saioa atzeratzea erabaki dugu. Jakina da momentu hauek zailak direla denontzat, eta jende aurrean lan egiten dugunontzat are eta zailago. Egiten duzuna egiten duzula, edo egiten ez duzuna egiten ez duzula... ez duzu sekula asmatuko. Hori ari zaigu gertatzen udaletxean dihardugunoi.

Biharko bertso-trikijiraren helburua ez zen inondik ere jendea atzetik eroatea, baizik eta bertsoa eta trikitixa auzoetara eroatea. Besteak beste, horretarako zeuden kamioia eta megafonia, etxean geratu nahi dutenak bertsoak eta trikitixa entzuteko. Hala ere, badakigu bakarren batzuk, oso bertsozaleak, osorik entzuten saiatuko zirela.

Ekintza horretan geu arduratuko ginen jendeari erantzunkizunez jokatzeko eskatzen eta behin eta berriro gogorarazten. Suposatzen dugu denok dakigula, gutxi gorabehera, inguruan daudenengandik ze distantziara egon behar dugun. Norberaren erantzunkizuna sartzen da hor, eta nahiko helduak gara ezta? Hortaz, txintxo jokatuz gero, ez da ekitaldi arriskutsu bat. Ba azken bi asteek erakutsi digute ezetz, oraindik ez gaudela prest banaka eta modu kolektiboan berez arrisku berezirik ez daukan ekitaldi batekin gozatzeko. Seme-alabak, haurrak-helduak... aste osoan zehar ikusi ditugu herriko toki guztietan elkarrekin jolasean, gehiengo zabal bat babes-neurri barik, ordubeteko baimena bete barik, gurasoak ere elkarrekin alegremente, gazte kuadrilak batera, adineko perstonak elkarrekin paseatzen edo bankuetan eserita... eta baita bakarren batzuk mozkorkerian ere. Horrek guztiak ez gaitu kezkatzen?

Beste kontu bat tabernetako terrazena da. Lanerako oso baldintza eskasak jarri zaizkie. Terrazan eserita dagoenari zerbitzatu behar diote, ez beste inori. Terrazan eserita ez dagoenari ez diote zerbitzatu behar, eta eserita ez dagoen norbait etortzen bazaie, ezetz esan behar diote, ezin dutela; araua goitik horrela etorri zaiela, eta kitto. Bestelakorik entzun bada ere, polizia-lana egitea da hori? Ez, onartu zaien arauak dioena besterik ez da. Eta hori bada euren eginbeharra, eta herritarrona hori horrela dela onartzea, tabernaria horretara behartu dutela jakitea, eta tabernaria arazotan sartzera ez bultzatzea!

Bukatzeko, aipatzea benetako 01 fasean bagina, aire librean 200 pertsona arteko ikuskizunak antolatzea onartua egongo litzatekeela. Ez da gure kasua 01 fase berezi batean gaudelako, baina hala ere, ekintza hau egiteko agintarien baimena geneukan. Bai orain, eta baita berriro antolatzen dugunean ere, denon ardura izango da ondo irtetea; gurea lehenengo, antolatzen dugunak garelako, eta, ez izan dudarik zorrotz saiatuko garela. Jakina, eta ikusentzuleen kolaborazioa ere eskatu eta lortzea espero dugu!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak