Iazko udararen hondarrean hasi zituzten Herri Eskola handitzeko lanak eta guztira, 18 hilabetez jardungo dute langileek bertan. Obra sakona da eta pazientziaz hartu beharrekoa bai gurasoek, ikasleek, hezitzaileek zein bizilagunek ere. Hezkuntza zinegotzi Mikel Bargielak adierazi du oztopoak oztopo, momentuz ondo moldatzen direla: "Obrek beti sortzen dute eragozpenak: zarata, zikintasuna... baina kasu honetan zarata eta zikintasuna baino, barne funtzionamenduan izan du obrak eragina. Sarrerak mugatuta daude eta geletara patioko beste sarrera batetik sartu behar dira ikasleak. Baina momentuz ez dago aparteko eragozpenik eta dena ondo bidean doa".
Obra sakona
Eskolako eraikin berria bi pisukoa izango da, beheko baxuaz gain. Patioa eta jangela handiagoak izango ditu eta lehen solairuan, bi gela egongo dira; bigarren pisuak, aldiz, tamaina bereko hiru gela edukiko ditu. "Erabilera anizteko gelak izango ditu eta eraikin berri eta modernoagoa izango da; haurrak erosoago egoteko lekua izango da, zalantzarik gabe".
Horrez gain, pisu bakoitzean bulegoak eta komunak ere egingo dira. Obrak dirauen bitartean, haurtzaindegiak ere Eguzki auzoan egokitutako gunean jarraituko duela azaldu du Hezkuntza zinegotziak.
Esan bezala, urte eta erdi iraungo du obrak, eta, guztira, 1.200.000 euro pasatxoko aurrekontua izango du.