Eskolako patioak itxitura berritua dauka

Maider Arregi 2020ko urt. 9a, 15:10

Antzuolako eskolako patioaren itxitura egokitu eta berritu egin dute. Helburua, bertan sortzen ziren haize korronteak saiestea izan da. Izan ere, neguan eskolako patioan egotea oso deserosoa baitzen erabiltzaileendako. 40.000 euroko aurrekontua izan dute lanek. Hala ere, teilatuan konponketa txiki bat egiteko dago oraindik eta datozen egunetan egingo dute.

2019a amaitu aurretik pare bat lan sakon egin dituzte herrian. Batetik, Herri Eskolako patioaren itxitura egokitu eta berritu egin dute. Bestetik, Udal Pilotalekuko zenbait konpontze-lan egin ditu Udalak. Bi lanek 58.000 euroko aurrekontua izan dute.

Eskolako patioko itxitura

Herri Eskolako patioaren itxitura egokitu eta berritu egin dute. Helburua bertan sortzen ziren haize korronteak saihestea izan da, besteak beste. Izan ere, neguan, hotzaren ondorioz, es-kolako patioan egotea oso deserosoa zen erabiltzaileendako. "Goiko zatia soilik geneukan babestua polikarbonato delako materialaz; baina beheko partea irekita zegoen. Negu sasoian, ordea, ez zen leku egokia bertan egoteko", azaldu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Hala, Antzuolako aparejadoreak zehaztu du itxitura guztia, goitik behera, polikarbonato materialezkoa dela. Izan ere, material hau inpaktuen aurrean oso gogorra da eta edozein baloikada jasateko gai da. Horregatik, barrutik itxiturari errefortzua jarri zaio aipatutako arazoei irtenbidea emateko. 40.000 euroko aurrekontua izan dute lanek. Hala ere, teilatuan konponketa txiki bat egiteke dago oraindik eta ondorengo egunetan egingo dute, lanei amaiera emateko. Eta erabiltzaileei galdetuta, GOIENAri aho batez adierazi diote orain babestuago daudela eta egindako lanei esker hotzaren eta sortzen diren korronteen aurrean babestuago daudela. "Neguan ezin zen bertan geldi egon. Sekulako haize korronteak sortzen ziren bertan. Itxitura berriarekin alde ederra dago! Orain negu sasoian, bereziki, egon gaitezke patioan". Baina itxitura berriak argitasuna kentzen duen arren, materiala gardena dela dio Valen Moñuxek.

Pilotalekuko lanak

Eta 2019a amaitu aurretik egindako bigarren konpontze-lan sakona izan da Udal Pilotalekuan egin dituzten egokitzapen lanenak. Guztira, 18.000 euroko inbertsioa egin du Antzuolako Udalak eta hainbat lan sakon egin dituztela aurreratu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek: "Itogin handia zegoen eta hori konpondu egin da; armarria berritu egin da eta, gainera, armarriaren irudi berria jarri da, frontisean pintaketa lanak egin dira eta azpiko egurra berritu egin da... kantxaren behealdeko harmaila mugikorren sistema ere egokitu dute, beteak beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak