Larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko ekintza ugari antolatu dituzte Antzuolan

Jone Olabarria 2019ko aza. 13a, 17:07

Gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatu eta hauen kaleratzea exijitzeko hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetara begira Deba bailarako Sarek, Ez dot moztuko bizarra taldearekin batera.

Antzuolan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, 20 dira larriki gaixo dauden euskal preso politikoak eta haien artean aurkitzen den Eltzikorta antzuolarraren egoera salatu dute: "Eltzikorta gaixotasun larri bati aurre egiten ari da, Eltzikorta-ren eskubideak urratzen ari dira, gaixotasun eta zaintza baldintzak ez dira legeak dioen bezala betetzen ari, Eltzikorta-ren bizi baldintzak gaixotasun baldintzak dira zoritxarrez".

Ekintza ugari

Hain zuzen, gaixo dauden euskal presoek jasaten duten egoerari presentzia emateko asmotan hainbat ekintza antolatu dituzte azaroan zehar Antzuolan: "Azaroaren 19an, Olaranen, Fernando Arburua izango dugu Jaiki Hadi errepresentatuz, hizlaria eta gaia gaixotasunen tratamendua eta zaintza kartzelan izango dira. Bestalde, azaroaren 23tik abenduaren 1era arte, erakusketa antolatu dugu. Bertan preso eta preso ohiek egindako lanak izango dira ikusgai".

Abenduaren 1ean ere Joxe Mari Carrere ipuinak kontatzen izango da herrian, arratsaldeko 18:30ean. Adin guztietara zuzendutako ekintza izango da eta tartean Eltzikorta-ren ipuin bat ere kontatuko du.

Bailara mailako ekintzak

Herri mailan antolatu dituzten ekintzez gain, Azaroaren 29an, Sarek bultzatuta zenbait ospitaletara bertaratzeak egingo dituztela azaldu dute: "Anbulantzia bat ari da Euskal Herriko txoko denetara iritsi nahian, preso gaixo larrien egoera salatuz eta hauek etxean behar dutela zabalduz. Azaroaren 29an, bailara mailan agerraldiak egingo dituzte; Eibar eta Mendaron egon ostean, ordu batean Arrasateko ospitalean izango dira. Anbulantzia honek presentzia izango du Antzuolan egingo den manifestazioan".

Hain zuzen hurrengo egunean, azaroaren 30ean, Ez dot Moztuko bizarra eta Sareren deialdiari jarraiki bailara mailako manifestazioa egingo dute Antzuolan, Larriki gaixo dauden presoak etxera, Eltzikorta etxera lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak