KPIaren araberako igoera izango dute udal zergek

Maider Arregi 2019ko urr. 31a, 22:26

2020ko zerga ordenantzen hasierako onespenari oniritzia eman diote EH Bildu eta EAJ alderdiek gaur egin duten ohiko osoko bilkuran. Adostasuna lortu dute eta KPIaren araberako igoera izango dute udal zergen tasek. Aurten ere,  Gizarte Zerbitzuetako tasei ez zaie igoerarik aplikatuko.

2018ko urritik 2019ko urrira %0,5eko igoera izan du KPIak. Eta igoera hori izango dute, hain zuzen ere, Antzuolako udal zergek 2020an. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoei esker onartu da ordenantza fiskalen hasierako onespena. Alderdi sozialistak aurkako botua eman du. “Harreman ona dugu baina komunikazio handiagoa gurako nuke izan. Feedbacka ez dago eta uste dut akordio pluralagoak lortuko genituzkeela antzuolarrendako”, argudiatu du alderdi sozialistako Miren Gallastegik. Beñardo Kortabarriak gaineratu du batzar guztietara joateko gonbidapena jasotzen duela.

%0,5eko igoera

Gizarte zerbitzuetako tasek, baina, ez dute igoerarik izango. Bestetik esan, baserriei ezartzen zitzaien IBI bikoitza kentzea adostu dutela. “Gure programan ere halaxe jasoa geneukan eta baserrien errekarguen kontra gaudela adierazi izan dugu. Bestetik esan, ados gaudela KPIaren igoera ezartzearekin. Hala ere, uste dugu hondakinen bilketa sistema defizitarioa dela eta urtero 15 eta 20 mila euro galtzen dituela udalak guk egindako kalkuluen arabera”, azaldu du Basilio Ormazabal jeltzale bozeramaileak.

EH Bilduko alkate Beñardo Kortabarriak, ordea, adierazi du udalak eta herritarrek ordaintzen duten zerbitzua dela hondakinen bilketarena, beste asko bezala: “Zaborra jasotzea, garbiketa zerbitzua, aguazilaren lana... herriak eta udalak ordaintzen dute. Udalari kostatzen zaion guztia ez zaio herritarrei kobratzen. Defizita badago, baina udalen sistema holakoa da; zergak biltzen dituzu eta gero kobratzen duzu. Kasu honetan Mankomunitateak ematen du zerbitzua beste batzuekin batera eta diferentzia hori badago; baina EAJk tasaren igoera proposatzen du eta ez dakit hori den aukera. Gerturatzen joan beharko ginake agian zerbitzua hobetzeko eta merkeagoa izateko”.

Hilabete egongo dira zergak jendaurrean. Alegaziorik ez balego, abenduko ohiko osoko bilkuran onartuko lirateke eta 2020ko urtartilean indarrean izango lirateke. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak