Hamar urte bete dira Antzuolako Mairuaren Alardea berritu zenetik eta mugarri garrantzitsuak izan dira. Horietako bat izan da emakume bat izatea kapitain lanetan. Hala, Edurne Iturberen agindupean egin zituzten Alardeko joan-etorriak eta deskargak, zapatuan.
Bestelako berrikuntzetan, Mikel Bargielak eraman du estandartea eta Udalak gonbidatuta Antzuolako Mairuaren Alardea ikusten izan dira aurten Irungo Alarde parekideko ordezkariak zein Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kideak.
Hainbat omendu
Aitortzen txanda ere izan zen. Herriaren izenean Beñardo Kortabarria alkateak eta Mairuaren Alardea Elkarteko presidente Xabier Legorburuk Jesus Agirre eta Juan Tomas Zabalo omendu zituzten. Juan Tomas Zabaloren alargun Mariasun Narbaizak jaso zuen abesbatzan urteetan egindako lanagatik herriak senarrari eskainitako oroigarria. Agirrek, berriz, Mairuaren Alardea antolatzen egindako lanagatik jaso zuen eskertza.
Lau eguneko jaiak izan dituzte Antzuolan eta askotariko ekintzak izan dituzte. Gastronomia lehiaketan pasta izan zuten osagai nagusi. Kuadrillen arteko jokoetan, ostera, hiru proba eta bost talde aritu ziren.
Bergarako musika bandak zapatuan egin zituen kalejira eta kontzertua eta Enrike Txurruka zuzendari berriaren debut ofiziala izan zen.
Urteroko Larrain Dantzarekin eta Hontzaren Igoerarekin agurtu zituzten 2019ko jaiak.
Goiena Telebistak jaien inguruko saio berezia eskainiko du uztailaren 22an, martitzena; 21:00etan eta 23:00etan izango da.