Irrati-kontrol autoen topaketa egingo da domekan

Maider Arregi 2019ko eka. 13a, 13:18

Euskal Autonomia Erkidegotik etorriko diren 30-40 irrati-kontrol auto inguru elkartuko dira domekan. Laugarrenez egingo dute topaketa Beheko auzoko kanpo beltzean. Aurten ere, batuko duten dirua Bergarako Fundame elkartearendako izango da.

Iñigo Martin, Mikel Arenas, Dani Pedraza eta Edu Roman dira Zumantzu Team taldearen bultzatzaileak. Aurten, laugarrenez antolatu dute Antzuolako irrati-kontrol bidezko autoen topaketa.Domekan, ekainaren 16an, egingo dute topaketa eta egun osoz erakustaldiak eta modalitate ezberdinen arteko lasterketak egingo dituzte Beheko Au-zoko kanpo beltzean. Edu Roman da antolatzaile taldeko kideetako bat eta dena gertu dutela azaldu du. Zaleendako bi gune prestatu dituztela dio: "Gune batean autoendako zirkuitua jarriko dugu; bigarren gunean, berriz, 4x4 autoendako –krauler modalitatea– ginkana prestatu dugu".

Eta antolatzaileek dei berezia egin gura diete autoa etxeko ganbaran dutenei: "Zaletasuna azaleratu gura dugu, eta etxeko ganbaran autoa gordeta dutenak animatu".

Hastapenerako autoak

Umeendako eta hasiberriendako, aldiz, RTR (Ready to Run) deritzoten autoak aukera ona direla dio Romanek: "Auto gogorragoak dira eta ez dute hainbesteko abiadurarik hartzen; or-dezko piezak merkeagoak dira, eta irrati parametroak aldatu egin daitezke. Trebetasuna behar da; beraz, gomendatzen dut hel-du batekin hastea. Umeendako 4x4 autoa gomendatzen dut; nahiko gogorrak dira eta edozein lekutan erabili daitezke".

Elkartasuna helburu

Topaketaren helburuen artean, esan moduan, zaletasuna sustatzea dago. Baina, aurten ere, iaz bezala, helburu nagusi bat badute, eta elkartasunez blai datorrena gainera. Hala, bi irrati-kontrol auto zozketatuko dituzte eta batzen den dirua Bergarako Fundame elkartearendako, muskulu-atrofia espinalari aurre egiteko lanean dabilen elkartearendako, izango da. Txartelak salgai daude Xinkonan eta Gorosti eta Mox tabernetan euro baten truke.

Egun osoko egitarau borobila

Hamarretan, emango zaio hasiera topaketari. Eguerdiko ordu biak arte kanpo beltzean ibiliko dira bi zirkuitu ezberdinetan irrati-kontrol autoak. Ondoren, atsedenaldia egingo dute eta berriro arratsaldeko lauretan ekingo diote bigarren saioari.Arratsaldeko seietan, berriz, bi irrati-kontrol autoren zozketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak