Zirkulazio-isunak kudeatzeko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzea onartu dute

Maider Arregi 2019ko api. 4a, 12:05

Martitzenean egin zen Antzuolako apirileko ohiko osoko bilkura. Eta, aho batez onartu zuten zirkulazio isunen zerga-bilketa egiteko Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzea.

Une honetan, Antzuolako udaltzainak eta Ertzaintzak berak dute isunak jartzeko ardura eta isun horien kontu-hartzeaz Beñardo Kortabarria Antzuolako alkatea  arduratzen da. Baina, alkateak azaldu du ohartu direla isunak jartzen dituzten zenbait herritarrek ez dutela jarritako isun hori ordaintzen. "Ez da arazo handiegirik egon baina, ohartu gara jende bat ez dela ordaintzera etortzen. Horri irteera emateko bi aukera daude: batetik udaltzaina egun osoz  edukitzea. Baina, horretarako baliabiderik ez dugu. Bestetik, bestelako zerbitzu batzuk erabiltzea", argitu du Kortabarria alkateak.


Eta bestelako zerbitzu horien artean daude batetik Diputazioak duen software sistema bitartez kobratzea; edo Eusko Jaurlaritzari pasatzea eskumena eta Jaurlaritzaren bidez aurrerantzean isunak kudeatzea. Orain, Aguazilak, softwarea ikertuko du aukera guztiak aztertzeko. "IZFEren barruan dagoen zerbitzu berri bat da. Eta aguazila saiatuko da ikusten zenbaterainoko lana eskatzen duen sistema honek eta ea erantzuteko moduan gauden". Antzuolako udalak, baina, ez du isunen bitartez dirurik jasoko. Helburua, jendeak ondo aparkatzea dela dio alkateak. "Helburua ez da dirua batzea. Zorionez multetatik ez da diru askorik jasotzen. Nahi duguna da jendeak aparka dezala behar den tokitan, debekatutako norabidetik ez pasatzea eta espaloi gainean ez aparkatzea. Dagoen araudia errespetatzea, alegia".

Oinezkoen plana

Orohar, arauak errespetatzen dituen herria dela azpimarratu du eta gehiengo nagusiak ondo aparkatzen duela. Oinezkoen plana aurreko agintaldian onartu zen parte hartze prozesu bidez. Orduan erabaki zuten antzuolarrek oinezkoen gunea jartzea. Hasieran eztabaida sortu zen arren, alkateak planaren balorazio positiboa egin du. "Hasieran kritikak entzun genituen; baina herritarrak ohartu dira herrian lasai ibiltzearen aukera ona dela".


Hauteskunde mahaia

Osoko bilkuraren hasieran, 2019ko hauteskunde orokorretako mahaietako kideak aukeratzeko zozketa egin zutela. Ondorengo egunetan jakinaraziko zaie apirilaren 28an mahaian egotea tokatu zaien antzuolarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak