ALBISTEAK

Jende gaztearekin eta esperientzia dutenekin osatu dute Antzuolako EH Bilduren hautagaien zerrenda

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mar. 22a, 11:10

Hiru lagunek errepikatuko dute EH Bilduren Antzuolako hautagaien zerrendan; Beñardo Kortabarriak berak, Garazi Larreak eta Mikel Bargielak. Herri programa ia itxita daukate; iaz egin zuten parte-hartze prozesuan jasotakoak hartuko dituzte oinarri moduan eta euren proiektuak izan direnek ere isla izango dute.

Aurkeztu dute maiatzeko udal hauteskundeetarako Antzulako EH Bilduren hautagaien zerrenda. EH Bilduko alkategai Beñardo Kortabarriak azaldu du zerrenda osatu bat lortu dutela: “Nik uste dut zerrenda potente bat osatzea lortu dugula, oso jende gaztearekin, prestatuarekin, eta horrekin batera, esperientzia daukan jendea ere sartu dugu taldean; alkate ohia Inma Beristain, esaterako. Jende oso gaztea ere bai eta guk gure ekarpena ere egingo dugu; azken lau urteetan hemen ibili gara gora eta behera, eta dezente ikasi dugu”. Hiru lagunek errepikatuko dute; Kortabarriak berak, Garazi Larreak eta Mikel Bargielak.

Herri programa ia itxita daukate; kontuan hartu behar da iaz egin zutela parte-hartze prozesu bat irudikatzeko nolako Antzuola nahi zuten 2030erako, eta hori oinarri moduan hartuko dute. Euren proiektuak izan direnek ere isla izango dutela azaldu du Kortabarriak: “Nik uste aipatzeko modukoa del adibidez ongizatearen arloan erabakita daukagula udalean egongo ez den jende multzo talde bat antolatzea, kanpokoa, nolabaiteko berdintasuna, justizia soziala, eta arlo horretan lan egingo duena. Gero proiektu zehatz bat ere badaukagu; oinezkoen bidea egin nahi dugu Basalde auzora, gaur egun autoz bakarrik joan eta etorri daiteke". Urretxurako bidegorria ere osatu nahi dute, nahiz eta ez den euren egitekoa, baina bai bultzatu nahi dute; Olaran etxea irisgarria bihurtzea ere nahi dute, besteak beste, eta lanerako gogoz daudela gaineratu du Kortabarriak.

Zerrenda osatuko dutenak

Beñardo Kortabarria Olabarria, Garazi Larrea Zumelaga, Mikel Bargiela Iparragirre, Josune Martinez Ramirez de Ocariz, Hodei Aranguren Irizar, Ion Aranguren Fernandez, Purita Arregi San Pedro, Alazne Jauregi Alkorta, Iker Manso Igarza, Inma Beristain Aramendi, Igor Larrea Mendizabal, Maia Mondragon Etxaniz, Ramon Aldasoro Magunazelaia eta Juena Dornaletche Retola.

Solasaldia, Izagirrerekin

Hautagaiak aurkezteaz gain, solasaldia ere egin dute Gipuzkoako aldundirako EH Bilduren hautagai Juan Karlos Izagirreren parte-hartzearekin. Diputaziotik Gipuzkoa nola ikusten duten azaldu nahi izan die Izagirrek herritarrei eta dituzten asmo nagusien berri ere eman die. Lurraldean hobetzeko hainbat gauza daudela azpimarratu du Izagirrek: “Guk uste dugu desoreka handiak daudela: alde batetik, lurralde desoreka bat dago, agian gehiegi zentratzen dira gauzak Donostia aldean eta ez zaie hainbeste kasu egiten Antzuola bezalako herri txikiei; bestetik, desoreka ekonomikoak ere badaude, nik uste dut aberatsak geroz eta aberatsagoak direla, eta pobreei geroz eta gehiago kostatzen zaiela hilabete bukaerara iristea. Bestelako desorekak ere badaude, esaterako, berdintasun arloan". Horietan eragin nahi dutela gaineratu du Izagirrek.

Herritarren kezka, galdera eta iradokizunak entzuteko aukera ere izan dute Izagirrek eta Kortabarriak solasaldian.

Kortabarria eta Izagirre, solasaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak