Autobidearen bueltako kezka eta zalantza ugari antzuolarren artean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 1a, 12:41

Jakin-min handia piztu zuen Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbideren atzoko bisitak, 50 herritarretik gora elkartu ziren-eta Olara etxean. Bergara eta Antzuola lotuko dituen autobide zatia martxo amaieran irekiko dute. "Errepideko lanak amaitzean, Antzuolako bizilagunek ongizate eta segurtasun handiagoa izango dituzte", dio Oiarbidek. Azalpenen ostean askotariko galderak, kezkak eta zalantzak adierazi zituzten antzuolarrek.

Bide azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide Antzuolan izan zen atzo, martxo amaieran irekiko den Bergara eta Antzuola arteko autobideko lanen egoeraren berri eman eta antzuolarren kezkak eta zalantzak jasotzeko. Autobide zatiak bidesaria izango duen edo ez, errepide zaharra nola geratuko den, goiko trenbideko bidegorria "behar den moduan" uztea, 

Bidesaria bai; nori eta nola, "aztertzeke"

Autobideak bidesaria izango duela berretsi zuen Oiarbidek, batzar nagusietako alderdi guztien adostasuna lortu zela eta eztabaida hori gaindituta dagoela esanez. Bidesari hori nola eta nori aplikatuko den "aztertzeke" dagoela gaineratu zuen. Kolektorea Bergararaino eramateari eta errekaren birsorkuntzari dagokionez, hori URA agentziaren eskumena dela azpimarratu zuen Oiarbidek.

Hain justu, eragin duen “kalbario txikia” onartzeaz gain, obrak Antzuolako herriari bi abantaila nagusi eskainiko dizkiola uste du diputatuak: errepide zaharreko trafikoa "nabarmen" jaitsiko dela eta lur-irristatze historikoa geldiarazi dutela. 

Izan ere, Oiarbideren arabera, errepide zaharreko trafikoa %90ean murriztuko da eta Estala futbol zelai inguruko lur-irristatze historikoa geldiarazi egin dute, azaldu zuenez, inguru honetan "oso gutxitan" ikusi den "meatzaritza teknika berritzaile" batzuei esker.

"Beharrezko saioa"

Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak uste du atzoko saioa beharrezkoa zela Diputazioak antzuolarren kezkak entzun zitzaten eta erabaki ahalmena dutenek hausnarketa bat egin dezaten. Antzuolak asko sufritu duela uste duelako.

Olaran etxea txiki geratu zen atzoko bilera irekian.

Antzuolak galdu duen horren barruan baso naturala galdu izateak bihotzeko mina eragiten duela deritzo Kortabarriak.

Amaitzeko, herritarrek eskatu zuten, besteak beste, trenbide zaharraren ondoko bidegorria ondo utzi dezatela, Zupideko biribilgunean segurtasuna berma dezatela eta autobidean zarata xurgatzeko panelak jar ditzatela, besteak beste.

Diputazioak aurreratu zuen uda partean hasiko direla errepide zaharra erabat asfaltatzeko lanak, eta lan horiek milioi bat berrehun mila euroko aurrekontua izango dute.  Horrez gain, “hobekuntza nabarmenak” egingo dira Estala futbol zelaian eta inguruetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak