Aldagela berriak egiteko aukera, mahai gainean

Maider Arregi 2018ko ira. 13a, 17:00

Antzuolako Udalak eta AKEk, Eztalako aldagelak bota eta berriak egiteko planteamendua egin diote Gipuzkoako Kirol diputatu Denis Itxasori. Batzar emankorra izan dela azaldu dute, eta, gauzatuz gero, 2019 eta 2020 urteen artean egiteko proposamena litzateke.

Eztala inguruko lur mugimenduen ondorioz, aldagelak pitzatu eta hormak mugitu egin ziren, besteak beste. Horri irtenbidea emateko hainbat neurri hartu zituzten eta une honetan mugimenduak egonkortuta daudela azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak: "Neurri ikusgarriak hartu dira mugimenduak geratzeko: pibote handiak sartu, deposituak egin... denbora horretan mugimendua neurtzen ibili gara eta gaur da eguna obrak eragindako mugimendua geratuta dagoena. Magal honetako betiko mugimendua jaitsi egin den arren, oraindik mantentzen dira".

Eta horregatik, zerbait erabakitzeko momentu egokia orain dela dio Udalak; 30 urte baino gehiago dituzten aldagela zaharkituei konponbidea ematea, alegia: "Aldagela zaharrak ditugu eta bietako bat guztiz pitzatuta, hondatuta dago; ezin da erabili. Horren ardura Bidegik bereganatuta dauka, eta, dokumenturik ez dagoen arren, hitzez bere gain hartua du konponketa".

Egoeraz berba egiteko batu zen Udala eta AKE joan zen egubakoitzean Denis Itxaso Kirol diputatuarekin, eta aldagela berriak egiteko proposamena egin zion. "Dena bota eta aldagela berriak egitea proposatu diogu diputatuari. Kostu garrantzitsua izango luke, 300.000 euro ingurukoa. Eta noski, horri Udalak ezin dio aurre egin gaur egun. Gainera, ez dugu uste Udala soilik egin beharko litzakeela horren kargu. Eta Aldundira, hain zuzen ere, joan ginen hemen gastatu beharreko dirua bestelako proiektu batean sartzeko planteamendua egitera: aldagelak bota eta berriak egiteko eskaera egitera".

Harrera ona proposamenak

Alkateak batzar emankorra izan zela argitu du. Orain, baina, adostasuna lortzeko, Bidegirekin –pitzatutako aldagela konpontzeko ardura duen enpresa– eta aseguruekin ere berba egin behar dela dio: "Azpiegitura Sailaren eta Kirol Sailaren aldetik borondate ona dago. Aurrera eraman beharreko askoren arteko proiektua da, baina". Enpresak, Kirol Federazioak, Diputazioak eta Udalak aurrera eraman beharrekoa, alegia.

"Diputazioaren erantzuna izan zen, dena bideragarria baldin bada, hau da, aseguruekin ados jartzen bagara eta guk Diputazioarekin gaia ondo lantzen badugu, prest egongo liratekeela 2019 eta 2020 urteen artean aldagela hauek bota eta berriak egiteko", nabarmendu du Antzuolako alkateak. Kortabarriak dio hari asko josteko dauzkan planteamendua dela, baina lotzeko prest dagoela Antzuolako Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak