Bigarren Trekutz egunerako dena prest dute antolatzaileek eta aurten ere herritar ugari batuko da Trekutzeko belardian. Oinezkoak goizeko hamarretan abiatuko dira. Ondoren bizikletaz igotzeko aukera izango dute antzuolarrek. "Bizikleta igoeran parte hartu gura duenak egunean bertan eman dezake izena. Lasterketa 10:30ean hasiko den arren, dortsalak hartzera 10:00etan etorri beharko dira txirrindulariak", argitu du Amaia Ramirez de Okariz antolatzaile taldeko kideak.
Behin Trekutzera iritsita, salda eta txorizoa izango da bertaratzen direnendako. "Trikitilarien doinuekin eta mokadutxoaz gozatzeko aukera izango da. Eta aurten ere toka eta bolo txapelketak antolatu ditugu".
Iazko martxa eta giro berdineko jaia egitea da asmoa. Bazkaria eta erromeria egingo dira-eta. Aurten gainera, 300 lagun ingururendako paella erraldoia prestatuko dute Trekutzeko belardian –bazkarirako iaz baino txartel gehiago jarri dituzte salgai–.
Mendizaleen festa zena
Trekutz Egunaren sustraia nondik datorren argitu du Amaia Ramirez de Okarizek. Izan ere, Arrola Mendizale Elkarteak urtero egiten zuen festa sasoi batean Finalista Eguna ospatzeko.
Hain zuzen ere, giro hori berreskuratu gura izan dutela herritarren artean kontatu du: "Herriari bizia emateko eta Trekutzi berari ere bizia emateko asmoz antzuolar talde batek errealitate bilakatu duen ideia izan da. Jatorria Arrolaren Finalista Egunean dauka. Izan ere, sasoi batean, Trekutzera joaten ginen naturarekin lotura geneukan herritarrak lagunekin eta familiarekin. Giro oso polita izaten zen. Berriro giro hori herritarren artera ekartzea gura izan dugu".
Natura eta kirolzaletasuna eskutik, herritarren arteko harremanak sustatzea ere baduela helburu diote antolatzaileek.
Elektrotxaranga
Aurtengo nobedadeetako bat Mendaroko Motxeila Band elektrotxarangaren musika da. "Asmoa da erromeria amaitzean, Trekutzeko bidezidorretatik jaistea eta Herriko Plazan zain izango dugun elekrotxarangaz gozatzea guztiok".