2013an hasi ziren Puro Relajo taldeko bost kideak herririk herri Mexikoko musikarik onena zabaltzen. Oibar herriko lagun horiek afari batean elkar ezagutu, eta taldea eratzea erabaki zuten. Seigarren diskoa kaleratu berri dute eta aurten bakarrik 90 kontzertu baino gehiago dituzte hitzartuta.
Rantxerak, korridoak, balsak eta latinoamerikar musika dira taldearen espezialitatea, baina, betiko kantu mexikarrak abesteaz gain, euskal klasikoetako asko moldatu eta "sentimendu eta pasioz" eroaten dituzte taula gainera. Publikoak behin eta berriz eskatzen zien euskaraz abestera animatzeko, eta 2016ko abenduan iritsi zen Puro Relajo canta al euskara lana.
Musikaz gozatzea helburu
Taldea bi tronpeta jotzailek eta ahotsa jartzeaz gain baxua, gitarra eta akordeoia jotzen dituzten beste hiru lagunek osatzen dute. Kideen hitzetan: "Gehien pozten gaituena da abestea eta taula gainean aritzea; beraz, hori da egiten duguna". Duela bost urte, taldea jaio berri zegoela, ez zuten halako onarpena izaterik espero: "Jendearen erantzuna izugarria izan da. Eskaintzen ditugun kontzertu guztietan, publikoak gehiago eskatzen digu, disko berriak, abesti gehiago. Oso pozik gaude orain arte egindako bidearekin", diote taldekideek.
Azken urteetako egitarauarekin alderatuta, berritasuna dira aurten mexikar doinuak Antzuolako jaietan. Puro Relajoren hitzetan, jendeari asko gustatzen zaio musika estilo hori, joaten diren herri guztietan harrera "oso ona" izan ohi dute eta Antzuolan ere hala izatea espero dute.