Premiazko zenbait lan egin dituztela eta lehentasunak ere jarri dituztela azaldu zuen Antzuolako alkateak. Besteak beste, Eguneko Zentroko berogailua, Torresoroako igogailua edo teilatu-hodiak konpondu dituztela dagoeneko kontatu zuen: "100 tona material garbitu ditugu; kalte handiak daude nagusiki Torresoroako beheko pisuan: komunak, liburutegia, bulegoak... Torresoroako kalteen azterketa egin du arkitektoak eta ia 500 mila euroko kostua izango duela dio".
Kalebarrengo hoditeriak ere kalte handiak jasan dituela azaldu zuen alkateak. Menditik etorritako hondakin asko pilatu zen bertan. Hori ere kostata, baina lortu dutela konpontzea dio alkateak. Eta beharrezko lan horiek egiteak 23 mila euroko kostua izan dutela oraingoz, gaineratu zuen alkateak.
Baserri bideak ere oso hondatuta daudela eta hori konpontzea ere ezinbestekoa dela nabarmendu zuen. Aparteko diru ekarpena egingo du gainera Udalak. Aipatu zuten ere dagoeneko Espainiako Ekonomia Ministerioko aseguruen kontsortzioa jarri dela Udaleko aseguruarekin harremanetan eta adostasun batetara iristeko lanean badabiltzala.