Ainhoa Intxaurrandieta: "Auzia juridikoa izan beharrean politikoa denean, ez du lasaitasunerako gunerik ematen"

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mai. 9a, 11:51

Olaran herritarrez bete zen atzo arratsaldean Angula ustelak hitzaldian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko Ainhoa Intxaurrandietaren argibideak entzuteko. Batez ere bi kontu azpimarratu zituen: auzia "politikoa" dela eta demandarekin bilatzen dutena dela Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkinen eta bere aurkako "mendekua" eta "abisua ondorengoek ez egiteko horrelako ausardiarik".

Euskal Herriko eta tartean baita Debagoieneko hainbat herritan hitzaldiak eskaini ostean, atzo arratsaldean Antzuolan izan zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandieta, haren eta Ingurumen diputatu izandako Iñaki Errazkinen aurkako epaiketari buruzko argibideak ematen.

2013an erraustegia gelditzeagatik epaiketa izan zuten Madrilgo Kontu Auzitegian joan zen hilabetean, eta eskatzen dietena 46 milioi eurotik edo 100 milioi eurotik gertu egon daitekeela adierazi zuen Intxaurrandietak.

Dena den, Angula ustelak izeneko hitzaldian argi utzi nahi izan zituen batez ere bi kontu. Lehenengoa hauxe; auzi "politikoa" dela, eta ez "juridikoa".Eta bestetik, demanda horrekin bilatzen dutena dela Errazkinen eta bere kontrako "mendeku pertsonala" eta "abisua ondorengoek ez egiteko horrelako ausardiarik".

Epaiketa pasa da eta bihar, hilaren 10ean, joan behar dira abokatuak ondorioak ematera, epaiketa egunean eman gabe geratu baitziren. Gero, sententzia jakitea faltako litzateke eta gertatuko denaren zain daude momentu honetan. Hauxe adierazi zuen Intxaurrandietak: "Juridikoki dena ondo eginda dagoela jakinda, lasaitasun bat ematen dizu. Baina auzi politikoa denean eta alde batean EAJ, PSE eta PP daudenean, eta aulkian eserita EH Bilduko bi kide, ez du lasaitasunerako gunerik ematen. Aterako da aterako dena, eta nik uste bigarren partearekin gelditu behar garela denak; guri ez dakigu zer gertatuko zaigun, baina horrekin aurrera, harro egin genuenarekin, eta nik uste dut garrantzitsuena dela hemendik aurrera horrelakorik ez gertatzea".

Babesa

Intxaurrandietak gaineratu zuen, bestalde, herritarren babes ikaragarria jasotzen ari direla; atzo Olaran ere bete egin zen. Babes hori EH Bilduko oinarri sozialetik harago doala ere adierazi zuen, eta EAJko eta PSEko kideen mezuak ere jaso dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak