Borondate politikoa egonez gero, pentsioen arazoari irtenbidea emateko aukera badagoela defendatu zuen pentsionisten elkarteko eta Duintasuna taldeko Mikel Olabarria ordezkariak. “Helburua da eros ahalmena errekuperatzea: KPI-aren arabera igotzea pentsioak, alegia. Baina, fiskalitatea beste era batera ulertzen dugu eta aberastasuna beste era batetara banatuz gero posible dela 1.080 euroko pentsio minimoa aztertu dugu”.
EAJk aldiz, mozio alternatiboa aurkeztu zuen. "1.080 euroko eskaerarekin ez gatoz bat. Sistemak gaur egun ezin dio horri erantzun. Gainera lanbide arteko gutxieneko soldata –LGS– baino kopuru altuagoa da eta injustizia bat litzateke. Gure alderdia zintzoa da, ez dugu erreala izango ez den ezer agindu gura. Kaxak ez du ematen. Guk herritarren kalitatea hobetzeko lan egingo dugu ez dugu eskatuko posible ez dena”, argitu zuen Luis Javier Telleriak.
Borondate politikoa baldin badago, sistema irauli daitekeela azpimarratu zuten EH Bilduk eta herriko pentsionistek. “Sistemari aldaketak eta egokitzapenak eginda posible da; esaterako iruzur fiskala saihestuz edo amnistia fiskalak ekidinez betikoek diru gehiago izan ez dezaten eta pertsona arruntek duintasunez bizitzeko eskubidea izatea bermatu dadin".
EH bilduren aldeko botoekin onartuta gertatu zen herriko pentsionistek eta erretiratuek aurkeztutako mozioa.
Iruñeko gertakizunak
Iruñeko gertakizunen inguruko adierazpena onartu zuten denek aho batez. Alderdi sozialistak, baina, puntu batekin bere desadostasuna azaldu zuen eta adierazpeneko puntu guztiak onartu zituen bat izan ezik: “Epaiak sortu duen haserrea ulertzen dugu, baina, epaia errespetatu egiten dugu. Izan ere, sozialistok demokrazian, botere judizialarengan sinesgarritasuna dugula beti erakutsi eta azaldu dugu”, argitu gura izan zuen Miren Arrate Gallastegi bozeramaleak.
Erabakitzeko eskubidean, fokua
EH Bilduk, Kataluniako atxiloketen harira, mozioa aurkeztu zuen. Onartua izan zen EAJren eta EH Bilduren botoei esker. “Kataluniako atxiloketen aurka agertu gura dugu eta atxilotuei babesa eta elkartasuna adierazi. Herritarren erabakitzeko eskubidean jarri gura dugu fokua”, azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.