Gueñes-Itsaso proiektuaren eta Eztalako obren egoera berbagai osoko bilkuran

Maider Arregi 2018ko mar. 7a, 12:50

Atzo, martitzena, egin zuten Antzuolako martxoko ohiko osoko bilkura. Gueñes-Itsaso proiektua, Baserri bideen araudia eta Eztalako lur mugimenduak eragozteko obra izan ziren, besteak beste, berbagai.

Gueñes-Itsaso tentsio altuko linea proiektuaren egoeraz jardun zuten atzoko osoko bilkuran. Izan ere, tentsio altuko –400 kilovolt– linea proiektuak dagoeneko argi berdea dauka administrazioaren partetik eta horri aurre egiteko hainbat udalek elkarlanean errekurtsoa aurkeztuko dutela jakinarazi zuen Beñardo Kortabarria alkateak.

Eta, osoko bilkuran, ekimen judizialarekin aurrera egitea onartua izan zen EH Bilduren botoei esker. "Orain arte jarrera sinbolikoa izan dugu; aurrez osoko bilkuran guk aurkeztutako mozioa onartu zen eta proiektu honi aurre egiteko sortzen ziren ekimenetan parte hartuko genuela onartu zen. Izan ere, gure ingurua, mendiak asko ukitzen ditu eta babestu egin gura dugu eta linea proiektu hori zaildu. Hala, Gueñes-Itsaso proiektuari aurre egiteko ekinbide judizialaren bidea hartzea onartu dugu osoko bilkuran. Momentuz, sei udalerri gara demandan parte hartuko dugunak, baina gizentzen joango den zerrenda izango dela uste dugu", argitu du Kortabarria alkateak.
Tentsio altuko linea proiektuaren arabera, Antzuolan Gueñes-Itsaso lineako dorreak Itsumenditik Deskarga gainerako bidea zeharkatuko dute eta handik Gabiriara joango dira.


Baserri bideak
Osoko bilkuran, baserri bideak arautzen dituen hasierako onespena ere onartu zuten. Izan ere, baserrietan dauden pistak nola erabili behar diren eta zein eskubide eta bete behar eduki behar dituzten erabiltzaileek arautzea gura du Udalak. Orain araudia hilabete egongo da jendaurrean eta ondoren, berriro eroango da osoko bilkurara behin betiko onespena emateko.


Eztalako obra
Gai zerrendatik kanpo, une honetan Eztala futbol zelaiari eragiten dion obra handi bat ere jarri zuen mahai gainean alkateak. Izan ere, astelehenean, martxoaren 12an, Eztalako mendi mugimenduak egonkortuko dituen obra hasiko da. "Lur mugimendua sei bider handiagoa da. Horregatik Diputazioko ingeniariek obra handia egitea erabaki dute. 24 metro luzeko 11 burdin sartuko dituzten lurrean mendia eusteko eta mugimenduak eragozteko". Obrak maiatzera arte iraungo du eta ezingo da Eztalara autoz igo; ezta ere aparkatu. Orain, herriko kirol elkartearekin adostu gura ditu Udalak futbol zelaiaren erabilera-xehetasunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak