Beheko auzoko ur iragazpena konponduta

Maider Arregi 2017ko aza. 9a, 15:00

Beheko auzoko harmailak altxatu eta bertan zegoen ur iragazpena kontrolatu eta konpondu dute; datorren astean emango diete brigadako langileek bukaera lanei; Eztala futbol zelaian ere gela aurrefabrikatua datorren astean jarriko dute.

Bukatzear daude Beheko auzoko obrak. Izan ere, ura iragazten zen bertako parketik. Zehazki saskibaloi kantxako harmailetatik. Azpian dauden garajeetara ura iragazi ez den arren, garajeetako fatxada kaltetzen ari zen eta horri irtenbidea eman diotela azaldu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek: "Ur korronte bat zegoen eta garajeetako fatxadan zeukan eragina. Ur filtrazio handiena lokalizatu dugu harmailetan eta ura bere tokira bideratu dugu".
Hala, ura berriro estolderia sarera bideratu dutela azaldu du Hirigintza teknikariak. Garajeak ondo isolatuta daudenez, eragina eta kaltea, kanpoko fatxadan gertatu da. Obra sakona egin dutela azaldu du hau konpontzeko. Izan ere, 16 mila euroko diru partida izan dute lanek eta kopuru hori justu samarra izatean, Moñuxek azaldu du brigadako langileak ere jardun dutela lanean. Hala, lanak guztiz bukatuko dira brigadako langileek produktu isolatzailea botatzean eta harmailak ixten dituztenean –datorren astean–.


Eztalako aldagelak
Bien bitartean, Eztala futbol zelaiko erabiltzaileak, aurrefabrikatutako gelaren zain daude. Dagoeneko obra zibila eginda dago –ura eta argindarra jartzeko lanak eginda daude, alegia–.  "Behin behineko aurrefabrikatutako gela datorren astean jarriko da. Prefabrikatutako gela jartzeko lan zibilak ere egin dira aurrez. Taberna ondoko estalkia edo aterpea ere tokiz aldatu dugu eta obra handia egin da", azaldu du Moñuxek. AKEtik, bi aldagela aurrefabrikatu edukitzearen beharra azaleratu dute; oraingoz baina, lehena datorren astean jarriko dute Eztalan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak