Duela zortzi urte hasitako herriko baserri guztiak urez hornitzeko proiektua zazpi fasetan eraman dute aurrera, eta zortzigarren fasean egingo dituzten lanak aurkeztu dituzte herritarren aurrean. Gaur egun hauxe da egoera Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriaren hitzetan: “Lanak hasi ziren Lizarra auzoan depositu bat eginaz, iturburua bertan dagoelako, eta hasieran Lizarrako alde hori hartu zen. Gero Uzarraga eta Bergara aldeko auzoetara aldatu zen”.
Azken urteetan Udaletik 40.000 euro inbertitu dituzte urtero fase txikiak egiteko. Baina aurten, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntza bati esker, 120.000 euro izango dituzte guztira lanekin jarraitzeko.
Orain egingo dituzten lanek zehazki ekarriko dutena da Lizarra, Uzarraga eta Txangala auzoak urez hornitzea. Lizarrako deposituko ura tratatu eta zabaldu egingo da eta aurreikusten dute hori udaberrirako gertu egotea. Hauxe gaineratu du alkateak: “Baserri gehienek euren iturburua dute, beti hori erabili izan dute, baina garai batzuetan nahiko larri ibili izan dira. Justu oraingo lehortean Irimo aldeko hainbat baserri zisternekin ura eramaten ibili dira. Hori alde batetik, bestetik, emaria ez nahikoa izaten, eta gainera, jasotzen dute tratatu gabeko ura. Eta Udal batek eskaini behar duen ura tratatua izan behar da eta behar beste kantitatez”.
Etorkizunerako bi aukera
Aurrera begira, bi aukera ari dira aztertzen Udaletik: “Aurrera begira dauzkagu bi aukera: bat, orain daukagun saretik tira egitea Deskarga aldeko bi auzoetara Irimora eta Basaldera; ala beste bat, Irimo ia bertan beste iturbururen bat aurkitu eta beste depositu bat egin eta bigarren sare bat egitea”, azaldu du alkateak.
Ez dakite oraindik zehazki zein izango den aurrera begira egingo duten lana, baina argi dutena da helburua dela herriko baserri guztiek ur nahikoa edukitzea.