Antzuolako Udal gimnasioa kudeatzen zuen aurreko enpresari uztailean bukatzen zitzaion kontratua amaitu aurretik, Udalak lehiaketa deitu zuen ondorengo urteetan gimnasioa eramateko. Zerbitzua hobetu nahi zutenez, lehiaketako baldintza-pleguan hainbat aldaketa egin zituzten. Horien artean, kontratua eramango zuen enpresarentzat diru gehiago jartzea erabaki zuten: bikoitza –9.000eurotik 18.000ra igo baitzuten aurrekontua–; baina ordutegi zabalagoa, larunbatetan irekitzea eta ikastaro-mota dibertsifikatzea ere eskatu zuen Udalak. Helburu nagusia zen erabiltzaileei, herritarrei, aukera gehiago ematea. Lehiaketa irekira, baina, ez zen inor aurkeztu.
Udalaren asmoa, baina, gimnasioa berriro lehenbailehen irekitzea da eta lizitazio deialdi berria egingo du herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.
Herritarrek, baina, beste pixka bat behintzat itxaron egin beharko dute ikasturte berriko Udal gimnasioko jarduerekin hasteko. Alkatearen nahia da urtarrilerako gimnasioko ateak zabalik izatea herritarrendako.