Festarako gune bihurtuko da Trekutz zapatuan

Zapatu honetan, irailak 2, Trekutz Eguna ospatuko dute Antzuolan. Arrola Mendi Taldeak antolatu ohi zuen Finalista Egunaren ideiari helduta, lagun talde batek egun osoko egitaraua prestatu du Irimo azpiko gunean. Deialdia benetan arrakastatsua izan da, bazkarirako tiket guztiak agortu egin baitira.

"Erantzuna oso ona izan da, espero genuena baino hobea. Guk uste genuen 80 edo 100 pertsona inguru batuko ginela, eta 160 tiket atera genituen, badaezpada. Azkenean, denak saldu ditugu, eta gehiago ere bai. 220 pertsona inguru batuko gara azkenean. Beraz, oso gustura gaude herritarrek emandako erantzunarekin", dio antolaketa taldeko kide den Imanol Lizarraldek.

Dena den, tiket barik geratu diren horiek ere badute Trekutz gunean Udaletxeak berriztu dituen mahaietan edo belarretan euren otordua egiteko aukera.

Antzuolako Herriko Plazatik egingo dute zapatuan Trekutzera igoera; 09:30ean oinez, eta ordubete beranduago bizikleta lasterketa izango da."50 bat lagun aterako dira bizikleta lasterketan. Gero, goian, salda eta txorizoa izango da, trikitilariak ere bai, bolo eta toka txapelketak, eta ondoren, bazkaria. Bazkalostean, berriz, herriko bertsolariek kantatuko dute, Kaxetak eta Aitzol Iturbek. Ondoren, Larrain dantza izango da, eta gero jaitsiera. Herrira jaistean, elektrotxaranga edo musika izango dugu".

Finalista egunaren oinordekoa

Garai batean Arrola mendi elkarteak antolatu ohi zuen Finalista Eguna faltan igartzen zutelako animatu da antzuolar lagun talde bat egun berezi hau antolatzera: "Finalista Egunak mendi irteerekin zeukan zerikusia, eta jada galduta zegoen. Orduan, lagun batzuk elkartu ginen eta pentsatu genuen hori berreskuratu beharra zegoela. Beraz, bilera batzuk egiten hasi ginen, eta dena ondo ateratzen joan denez, aurrera egin dugu. Eta, ikusten dugunez, herriak ere erantzun du; beraz, gu oso gustura gaude". 

Zapaturako zenbait eskaera

Antolaketa taldekoek zapatura begira zenbait eskaera luzatu dizkiete parte hartzaileei. Batetik, ahal den neurrian autoz igotzea saihesteko eskatu diete herritarrei, eta ahal duten guztiak oinez edo bizikletaz igotzeko. Horrez gain, zaborrak jasotzeko gune bat ezarriko dutela azaldu dute, eta sortutako hondakinak bertara eramateko eskatu diete herritarrei.

Bada, zapaturako ia dena prest dutelarik eta jende mordoxka elkartzea espero delarik, Trekutz egunaz gozatzeko deia egin dute antolatzaileek: "Disfrutatzeko zapatuko egunarekin, eta ia zer moduz ateratzen den. Eta hurrengo urtean berriro ere egiteko gogoa balego, egingo dugu!".

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.