Hilerriko zubiko lanak aste honetan amaituko dituzte

Uztailaren 18an, gauez hasi zituzten lanak bi garabiren laguntzarekin. Aste honetan, berriz, beste hainbat lan egiten izan dira: eskailerak eta baranda, besteak beste. Hala, lanak amaitzear, laster, oinez pasatzeko aukera izango dute herritarrek.

Kamioi batek Antzuolako errepidea zeharkatzen duen zubiari  kolpea eman zion, eta, kolpearen ondorioz, mugitu egin zen zubia. Hala, mugimendu horren ondorioz, eskudelak apurtu ziren, baita bertatik pasatzen diren kanalizazio batzuk ere, eta bertara igotzeko eskailerak ere hautsi ziren. Hala, zubia konpontzeko lanak uztailaren 18an hasi zituzten, gauean.

21:00 aldera bidea moztu zuten, 00:00ak arte. Kamioi handiei galarazi egin zitzaien Bergara eta Zumarraga arteko tartea egitea denbora horretan; ibilgailu txikiak, berriz, herri barrutik pasa ziren eta konponketak iraun zuen bitartean ura moztu egin zuten.

Gertatu dena ez dela gertakari normala adierazi du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak: "Kamioi gidariak alde batetik jo zuen zubia Beasaindik zetorrela. Atzera bota, eta beste aldetik pasatzen ahalegindu zen, zubia berriz joz. Badirudi karga handia zeramala, eta honantz zetorrela eta haranzkoan galibo guztiak jo zituela ohartu gara, tuneletako kameren grabazioekin. Hala, jakin izan dugu zein kamioi izan zen zubia jo zuena".

Gauez hasitako lanak

Lanak gauez hastearen arrazoia izan zen herritarrengan eta zirkulazioan eragin txikiagoa izatea. Honela azaldu du Kortabarriak: "Bi garabi handi ekarri zituzten, 60 tonako zubia osorik eta suabe-suabe mugitu beharra zutelako. Euskarrien gainean neoprenozko oinarriak jarri, eta gero, ondo posizionatu zuten, indarra gainean bakarrik egiteko, mendian ez eusteko, baizik eta euskarrietan.

Aste honetan, amaituta

Zubia bere lekuan jarrita, baranda eta eskailerak konpontzen aritu dira egunotan. "Desenkofratzen ari dira eskailerak, eta, hesiak jarrita, lanak aste honetarako bukatuta egongo dira. Hala, herritarrek oinez pasatzeko aukera izango dute bertatik".

Konponketa gastuez, bestalde, kamioi gidaria edo haren asegurua egingo dela kargu azaldu du Kortabarriak. "Lanak 50.000 euro ingurukoak izan dira, eta, aurrez dirua Antzuolako Udalak jarri badu ere, konponketa lanak ez ditugu guk ordainduko. Bestalde, ez dakigu kamioilaria edo asegurua egingo den konponketa gastuen kargu".

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.