Eli Iturbe izendatu dute Antzuolako bake epaile

Udal batzak aho batez onartu zuen martitzeneko ohiko osoko bilkuran Antzuolako bake epaile berria Eli Iturbe antzuolarra izatea; ordezkoa, Begoña Marta Zabala izatea ere onartu zuten. Gainontzeko aztergaiek, diru kontuak izan zituzten oinarri.

Diru kontuak izan ziren nagusiki hizpide uztaileko ohiko osoko bilkuran. Hala, mahai gainean jarritako lehen proposamenean, aurkeztutako kreditu gehigarriak onartuak izan ziren.
Hau da, batetik, Bergarako Mizpirualde zaharren egoitzari 13.500 euroko ekarpena egitea. "Hasiera batean, uztailaren 1ean sartzen ginen Kabian –Udal egoitzak bateratzeko proiektua–. Baina orain, urriaren 1ean sartuko garela jakinarazi digute. Elena Lete Bergarako alkateak baina, idatziz jakinarazi digu aurreratutako diru hori itzuli egingo digutela", argitu zuen Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.
Eta bestetik, hilerriko zubia konpontzeko 42.857euro aurreratzeko proposamena onartu zuten. Izan ere, zubia ez dagoela egoera oso onean argitu zuen alkateak eta lehenbailehen konpondu beharra dagoela ere azpimarratu zuen. "Aseguru etxea kargu egin arte, proposatzen dena da dirua aurreratu eta egoera txarrean dagoen zubia konpontzea. Gero aseguruak itzuliko du diru hori", argitu zuen alkateak.


Bake epaile berria

Belen Azkarate izan da orain artean herriko bake epailea. Baina, bere lanpostuaren bateraezintasunagatik –Udal langilea da– ez zen aukeratu izan. Hala, Udal batzak, aho batez aukeratu du aurrerantzean bake epaile berria Eli Iturbe antzuolarra izatea. Ordezkoa, aldiz, Begoña Marta Zabala izatea onartu zuten. Guztira, lau lagun aurkeztu dira bake epaile posturako; baina aukeraketa egiterako garaian, antzuolarra izatea baloratu du Udal batzak.


Antzuolako jaiak

Ate joka dauden honetan, urtero egiten den moduan, jaietako gastuaren berri eman zuten ohiko osoko bilkuran. Guztira, 38.000  euro pasatxoko diru partida bideratu dira aurrekontutik. "8.800 euro azpiegitura eta logistikarako bideratuko dira. 29.500 euro, aldiz, ekintzetarako izango da".


Euskararako diru laguntzak

Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Kontseilua eta Lankiri bideratutako diru laguntzak onartu zituzten. Era berean, Goiena Komunikazio taldearekin Antzuolako Udalak sinatuta daukan hitzarmena ere ekarri zuten mahai gainera. Bailarako komunikabideak eta Udalak hitzartuta dutenaren arabera, 17.000 euro pasatxo jasoko ditu aurten ere GOIENAk. "Zerbitzua, hitzarmena da GOIENAren kasua, hau da ez da diru laguntza. Aurrekontuan jasoa eta aurrez adostutako hitzarmena, alegia", argitu zuen Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.