Industriagunea posible den jakiteko azterketa geoteknikoa egingo dute

Antzuolako autobide zatia egiten diharduen Mariezcurrena enpresak industrialdea egitea posible den aztertuko du. Horretarako azterketa geotekniko sakona egingo du eta kostua ere bere gain hartuko duela azaldu zuen alkateak atzo egindako osoko bilkuran.

Hainbat gai onartu eta beste pare bat gairen gaineko informazioa eman zuen Udal gobernuak martitzen arratsaldeko Antzuolako ekaineko ohiko osoko bilkuran.
Onartu ziren gaien artean, Frente Polisarioaren eskaera. Hau da, aurtengo Oporrak bakean programa diruz laguntzearena. Hala, 685 euro bideratuko dira saharar bati oporraldia gurean igaro dezan laguntzeko.
Onartu zuten ere abeltzaintza ustiaketarako arau aldaketa. Modu horretan, norbaitek lehen sektoreko negozioa abiatu gura badu, arau aldaketak erraztasuna emango lioke. "Antzuolak egun daukan araua Jaurlaritzak daukana baino gogorragoa da garai batean horrela adostu zelako. Ondorioz, baserritik bizi nahi dutenek eta negozio bat gura dutenendako zailagoa da", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Horrez gain, hainbat gairen gaineko informazioa eman zuen Udal gobernuak atzo. Hala, Izapideen esku liburuaren protokoloa lantzen dihardutela azaldu zuen Antzuolako alkateak. Eta, helburua da, herritarrei zerbitzua erraztea. "Diru laguntza eskaera bat, errolda agiri bat... eskatzera datorren herritarrari laguntzea eta tramitea erraztea da helburua", argitu du alkateak.

Industriagunea aurrera
Baina zalantza gabe,  emandako informazio garrantzitsuena Zorroztarrietan industrialdea egitearen ideiaren egoera zein zen azaltzea izan zen. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimena eman du eta orain, Mariezcurrena enpresak lurraren gaineko azterketa geotekniko sakona egingo du gastua bere gain hartuz. "Ez dago ezer ziurra; terrenoa ondo aztertu behar da eta lur-jabeekin adostasuna ere lortu. Azterketa geoteknikoek esango dute ea posible den edo ez. Azterketa sakon horren kostua Mariezcurrena enpresak hartuko du bere gain", azaldu du.

Goizper, Elay, Matz-Erreka eta Oerlikon dira herriko lau enpresa handienak eta hazten ari direnak. Horien artean, 114.000 m2-ko industria gunea dago egun Antzuolan. Baina,  esan moduan, dagoeneko lur industrialaren beharra dute, bereziki Elayk eta Matz-Errekak.

Guztira 21.000 m2-ko lur eremua izango luke Zorroztarrietako gunean Udalak egin gura duen industriaguneak. Bi plataforma izango lituzke gainera. Udalaren planteamendua baina, garbia da: "Urbanizatuta, asfaltatuta, argindar eta telefono sareaz... ez dugu nahi bete lana soilik egitea. Lur-jabeekin eta Mariezcurrena enpresarekin adostu behar dugu nola eta zer egin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.