Antzuolako Anelkar elkarteak, Udalarekin eta eskolarekin elkarlanean, bat egin du beste urte batez aurten XIII. edizioa duen Piztu Itxaropena kanpainarekin. Urtarrilaren 21era bitartean, elikagaiak batuko dituzte Tindufeko errefuxiatu sahararrei bidaltzeko. Anelkar kideko Jabier Etxanizek dio elikagaien bilketa martxa onean doala. Urtero 500-600 kilo elikagai batzen direla dio. Asko egiten du baina, sahararrak gurean izateak eta horrek eragiten duen gertutasunak. Itxaropena pizten baitu:
Hegaluzea eta sardinak oliotan, arroza, azukrea, pasta, lekaleak, helduentzako fardelak eta konpresak. Horiexek batzea egokitu zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari. Guztiaren beharra dagoela oraindik ere azpimarratu du Etxanizek. Eta Herri Eskolan eta Amaia, Aixa, eta Eroski dendetan dute herritarrek euren borondatea emateko aukera. Iaz, esaterako, 649 kilo elikagai batu zituzten.
Gainera, iazkoa berezia izan zen uholdeen ondorioz, laguntza ekonomikoa ere batu zutelako sahararren etxeak berriro eraiki zitezen. Orain baina, lehentasuna Oporrak Bakean programari eman nahi dio Anelkarrek. Hala, Saharako haurrak gurera ekartzeko kanpaina indartuko du Anelkarrek orain. Eta bultzada emateko, otsailaren 4an, Santa Agedako diru-batzea helburu horrekin egingo duela iragarri dute hain justu ere.