Iaz antolatu zuten lehenengoz Saharar jaia, orduko hartan, sahararren errefuxiatuen kanpamentuetan gertatutako uholdeak lagatako kalteei aurre egiten laguntzeko asmoz. Bada, ekimenak izandako erantzuna ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dutela azaldu du Gaztetxokoko arduradun Itsaso Garmendiak. Dena den, aurtengo helburua izango da oporretan haur sahararrak Debagoienera etor daitezen laguntzea.
Anelkar eta Sagiri elkarteen laguntzaz antolatu du ekimena Gaztetxokoak, eta beste behin ere arrakasta izan du. Nabarmendu behar da gazte pilatxoa aritu zela lanean, tortillak ekarri eta pintxoak prestatzen, pintxoak edo edariak saltzen, edota musikari moduan, esaterako.
Hala, musikak zirauen bitartean eta pintxoak eta edariak saldu bitartean, kioskoan muntatu zuten haiman jarrita sahararren antzera tea hartzeko aukera ere izan zen. Horrez gain, oporretan Euskal Herrira etorritako umeen argazkiak edota saharar kanpamentuetakoak proiektatu zituzten.