Antzuolako talde sozialistak elikagaien bankuari laguntzeko mozioa aurkeztu zuen atzo egindako abenduko ohiko osoko bilkuran. Miren Arrate Gallastegi zinegotzi sozialistak azaldu zuen elikagaien bankuari laguntzeko bideak sustatu gura dituela udalaren laguntzarekin. Aho batez onartua izan zen mozioa.
Alderdi sozialistaren arabera, salmentarako atzera botata dauden elikagai asko egoera onean dago eta propietate nutritiboak mantentzen dituzte gainera. Horregatik, talde sozialistak planteatzen duena da herriko ostalaritza eta dendatan saltzeko atzera botatako elikagai horiek, baina egoera onean daudenak, batzea.
Era berean, ekimen honek gura du Udalak ere konpromisoa hartzea eta modu aktiboan elikagaien kontsumo arduratsuaren gaineko hezkuntza eta kontzientziazio kanpainak bultzatzea. Antzuolan Elikagaien bankua ez dagoen arren, Beñardo Kortabarriak azaldu zuen ekimena aurrera eramateko talde bat sortu beharko dutela.
Bestelako gaiak ere izan zituzten mahai gainean. Hala, zerga ordenantzei behin betiko onarpena eman zitzaien EH Bilduren aldeko botoekin. Aho batez onartu ziren berriz, Itelazpi enpresarekin egingo den lankidetza hitzarmen berria eta kultura elkarteekin adostutako hitzarmena. Hurrengo bilkuran urtarrilaren 17an egingo da eta Udal aurrekontuen proposamena eramango du Udal Gobernuak.