Gaztetxokoko eskaintza, gazteen proposamenekin osatutakoa

Aitziber Aranburuzabala 2016ko aza. 6a, 19:32

Antzuolako gaztetxoko ateak zabaldu dituzte asteburuan; aurrerantzean, Apirila bitartean, zapatuetan 17:00tik 21:00era, eta domekatan 17:00tik 20:00era herriko gazteek elkarrekin askotariko ekimenak proposatu eta egiteko aterpea izango dute.

Hiru hezitzailek eta koordinatzaile batek jarduten dute 12 eta 14 urte bitartekoekin gaztetxokoan lanean. "Aurten bereziki eurei eskaini gura diegu programazioa antolatzeko aukera, eta horretarako batzarrak egingo ditugu hilabete bakoitzaren hasieran", azaldu du Itsaso Garmendiak koordinatzaileak, eta zera gaineratu du Andoni Zabalo dinamizatzaileak: "Ekintzen zerrenda gazteekin osatzeaz gainera, gaztetxokoa eurena dela sentitzea gura dugu, eta horretarako lokalean aldaketak egiteko aukera ere eskaini nahi diegu: paretak margotu, altzariak aldatu, material berria erosi...".

Mendi irteerak, tailerrak eta bestelakoak

Gazteek ondo hartu dute batzar bidez euren ekimenak antolatzeko proposamena. "Lan egiteko modu aberasgarria da guztiontzako. Iaz egin genituen irteera batzuk berriz egiteko ideiak bota dituzte, baina, baita bestelako proposamen berri eta interesgarriak ere: herria eta inguruak hobeto ezagutzeko irteerak; askotariko tailerrak; pin-pon, futbolin, billar eta bestelako txapelketak, musikariak gonbidatzea... Gauzatzeko zailagoak diren beste batzuk ere egin dituzte, eta saiatuko gara ahal diren guztiak aprobetxatzen. Momentuz erabaki dugu, asteburu osoko irteera bat egitea laster, eta ikasturte amaieran beste bat, datozen asteotan musikari bat ere ekarriko dugu... Hilabete hasiera guztietan adostu dugu batzarra egitea hilabete horretan egingo ditugun ekintzak guztion artean proposatzeko", gaineratu du Zabalok.

Erlazionatuak

Antzuolako gaztetxokoan hasi da ikasturtea

Aitziber Aranburuzabala 2016 aza 06 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak